“Umeek ilusioz prestatu dute gaurko eguna”

Baleike 2017ko martxoaren 31

Iazko apirilean hasi ziren Txori Txiki Musika Eskolako irakasleak Oikiako haurrei klaseak ematen eguerditan Oikian bertan. “Musikako klaseetara Zumaiara joateko arazoak zituzten gure haurrek. Txori Txikiko zuzendaria den Sofia Oriarekin hitz egin nuen, eta berari bururatu zitzaion  hona etortzea. Ideia hori asko gustatu zitzaigun eta erantzun oso ona izan du”, aipatu du Itziar Garziarena Oikiako eskolako zuzendariak. Atzo egin zuten jaialdia Oikiako frontoian.

Arratsaldeko 18:30ean hasi zen Txori Txiki Musika eta Dantza Eskolako Oikiako haurren jaialdia. Urtebete doaz klaseak Oikia bertan jasotzen eta proiektuak erantzun paregabea izan du. Garziarena eta Oria iaz topatu ziren Zumaiako Plan Estrategikoaren inguruko bilera batean. “Oikiako haurrek musika klaseak jasotzeko arazoak zituzten. Zumaiara joateko oztopoak zituzten hainbatek, eta Sofiari planteatu nion gaia. Handik pixka batera Oikiara etorriko zirela esan zidan, eta guk oso gustura hartu genuen”, esan du Garciarenak.

Haur hezkuntzako umeei musika tailerra eta musika mintzairako klaseak ematen dizkie, eta Lehen hezkuntzakoei aldiz, solfeo eta instrumentuenak. “Hainbat instrumentu jotzeko aukera eman genien eta haurrek gitarra, pianoa eta trikitixa aukeratu zuten”, adierazi du Oriak.

Hain zuzen, atzoko jaialdian instrumentu horiek hartu zuten protagonismoa. Guztira, 12 abestiz osatutako emanaldia izan zen. Alde batetik Euskal Herriko kanta herrikoiak jo zituzten, eta beste aldetik, nazioarteko abesti batzuk. “Umeek ilusioz prestatu dute gaurko eguna”, aipatu du Oriak.

Oikiako eskolan jasotzen dituzte klaseak, eguerditan. “Oso proiektu ona da, eta ikasleak gustura sumatzen ditugu. Gurasoek ere oso balorazio ona egiten dute, eta gu, eskola bezala ere, pozik gaude, giro polita egoten da”, esan du Garciarenak. 

Helduentzako aukera

“Umeengana iritsi gara, orain helduengana iritsi nahi dugu”, esan du Oriak. Hori dela eta, ekainean helduentzako musika eta dantza programak eskainiko dituzte. “Printzipioz fandangoa eta arin-arina, solfeoa, txalaparta eta antzerkia eskainiko dugu. Norbaitek iradokizunik izan ezkero, esateko aukera izango du, jakina”, azpimarratu du Oriak.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide