Emakumeak olatuen aparrean

Baleike 2017ko apirilaren 4a

‘Emakumea surflari’ programa 2014an sortu zen, eta aurten, Zumaiara iritsi da lehenengo aldiz. Gipuzkoako Surf Federazioak eta Aldundiak babestutako proiektu honen helburua emakumeak surf egiten ikastea eta kirolaz gozatzea da. Izen ematea apirilaren 20a arte dago zabalik eta Carmela Peñalba izango da irakaslea.

“Emakumeak surfarekin disfrutatzea, eta horrekin batera itsasoari beldurrik ez izatea, eta batez ere, lotsa alde batera uztea lortu nahi dut. Horixe da proiektu honetan jarri dudan helburua”, aipatu du Carmela Peñalba irakasleak. Zumaian surfa egiten duten emakume gutxi daudela esan du, orain gutxi arte bera bakarrik izan dela emakume bakarra. “Zumaian emakumeen artean ez da egon surferako zaletasun edo ohitura hori. Beti mutilak egon dira, eta nik beraiekin surfeatu izan dut. Orain neska gazte batzuk badaude baina apenas gehiago”, nabarmendu du. Peñalbaren ustez jarraikortasun falta dago. Udaran ume eta gazte dezente ibiltzen dira, bai neska eta bai mutil, baina neguan hutsune handia sumatzen da. Faktore honi gainera, lotsa eta beldurra gehitu behar zaizkio.

2014an jaio zen ‘Emakumea surflari’ proiektua. Hutsune edo gabezia horri konponbidea emateko, emakumeak surf egitera animatzera bultzatu nahi zuen proiektuak. Hasiera batean, Zarautzen, Deban eta Hondarribia/Hendaian eskaintzen zen programa, baina aurten, lehenengo aldiz, Zumaian ere jarriko da. Gipuzkoako Surf Federazioak antolatzen duen ekimena da eta Aldundiaren babes osoa du. “Gipuzkoako Aldundiari hasieratik gustatu zitzaion ekimena, eta urte hauetan hazten ari den proiektua da”, aipatu du. Hasiera batean, Zarautzen irakasle izateko proposamena jaso zuen Peñalbak. “Baina zergatik ez dugu Zumaian egingo? pentsatu nuen. Antolatzaileei ideia ona iruditu zitzaien eta horrela hasi gara”, adierazi du.

Surf giroa piztu

Izen emateak apirilaren 20a arte daude zabalik eta orain arte ikusitako arrakastarekin pozik agertu da. Ekimen hau bitan antolatzen da: udaberrian eta udazkenean. Iaz, bi txandak batuta, 110 bat emakumek eman zuten izena, eta aurten, dagoeneko zifra hori berdindu da. “Zumaian, momentuz, 30 bat emakumek eman dute izena. Harrituta eta pozik nago era berean”, aitortu du.

Maila eta ordutegi ezberdinak eskaintzen dira. “Zumaiaren kasuan, denak A edo A+ maila izango dute. Izen eman dutenekin hitz egin dut, eta gehienak ez dute inoiz surfa egin, eta probatu dutenek ere askorik ez dakite, beraz maila horretan kokatu ditut”, adierazi du. Printzipioz hiru egunetan eskainiko da surfa egiteko aukera. Asteartetan 18:00etatik 20:00etara, ostegunetan 10:00etatik 12:00etara eta 18:00etatik 20:00etara eta larunbatetan ere goiz eta arratsaldez ordutegi berdinean. “Klase bakoitzean gutxienez hiru pertsona beharko dira taldea osatzeko, eta gehienez sei izango dira”, esan du.

Ikastaroa apirilaren 24ean hasiko da eta zazpi astez luzatuko da. Parte hartu nahi duten emakumeek egokien etortzen zaien ordutegia aukeratu beharko dute. “Astean behin, bi orduko klasea izango dute, beraz. Hasiera batean teoria pixka bat azalduko dut baina denbora gehiena uretan pasako dugu”, aipatu du.

Materiala, neoprenozko trajea izan ezik, ZISKEk utziko du. “Instalazioak erabiltzeko eskumena ere izango dugu, eta ordaintzen den kuotarekin urte guztirako federatuta egongo dira”, gaineratu du.

Peñalbak badu eskarmentua surfa erakusten. Dagoeneko bi urte eman ditu udaran ikastaroak ematen haurrei, baina proiektu hau erronka bat da beretzat. “Izen eman dutenak ni baino zaharragoak dira eta hori gustatzen zait, zerbait positiboa dela iruditzen zait. Gainera talde heterogeneoa da eta horrek bizitasuna ematen du”, aipatu du. Bere helburua ikasleek konfiantza hartzea da. “Itsasoari beldurra kentzea eta batez ere lotsa alde batera uztea lortu nahi dut. Itsasoa herrian bertan dugun baliabide natural ederra da, eta askotan ez dakigu hori baloratzen eta aprobetxatzen. Beraz, gozatzeko unea da”, nabarmendu du.

Emakumeen baitan surf giroa piztea ere bada proiektuaren ardatzetako bat. Hori dela eta, udaran Zarautzen ospatuko den QS Surf Txapelketan, surf zinema emanaldia egongo da. “Bertan, proiektu honen berri emango dugu eta aurkezpen moduko bat egingo dugu”, esan du. Horretaz gain, abuztuan Nesken Surf Biltzarra ospatuko da. “Aurten Zarautzen izango da eta egun ederra pasatzen dugu. Jokoak, txapelketa txikiak, barbakoa… ekintza pila bat egiten ditugu. Helburua elkar ezagutzea da, surf giroaz bustitzea eta gure artean egun polit bat pasatzea”, adierazi du.

Izen emateko, hemen duzue aukera.

 

 

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide