Euskal Herriko Unibertsitateko katedratiko eta 2015ean Eusko Ikaskuntzaren saria irabazitako Juanjo Alvarez zumaiarra izan zen lehena hitz egiten. Nazioarte mailatik autodeterminazioaz eta erabakitze eskubideaz entzun diren iritziak zalantzan jarri zituen eta adierazi zuen Hagako Auzitegiak, Nazio Batuen Asanblada Orokorreko auzitegia denak, autodeterminazio eskubidearen alde egin duela. Adibide bezala Alemaniaren bateratzea jarri zuen. “Bi Alemaniak batu zirenean, autodeterminazio eskubidea hartu zuten aintzat”.
Alvarezen esanetan, independentzia deklarazio baterako gidarik ez dago. “Hagak esan izan du noiz den legez kanpokoa: indarkeriarekin eskubideak urratzen direnean, adibidez. Gero, gauza bat da urraketa horiek ez izatea eta gero herrialde indartsuen oniritziaren beharra izatea. Kosovon ez zen eskubideen urraketarik egon, baina, nahiz eta beste estatu bat aurka egon, Serbia, estatu bezala onartu zuten Estatu Batuek oniritzia eman ziolako. Gaur egun, bost bat estatuk izan ezik, eta horien artean dago Espainia, besteek Kosovo estatu bezala onartzen dute”.
Europa mailan lurralde osotasunaren printzipioaren urraketa erabili dute zenbait herrialderen autodeterminazioaren aurka egiteko, “beti ere Mariano Raxoiren gobernuak presionatuta”. Printzipio horrek, katedratikoaren arabera, ez du zer ikusirik estatu baten zati batek estatu horretatik irten nahi izatearekin, “hirugarren estatu batek elkarte bateko kide den beste bat erasotzearekin, baizik. Errusiak Ukrainari Krimea kendu zion adibidea dugu hor, baina, Ukraina Europar Batasuneko kidea ez denez, ez zen ezer egin”.
Eskoziak eta Kataluniak independentzia lortuko balute, bi estatu hauek Europar Batasunean jarraitzeko eskubidea izango luketela uste du Alvarezek. “Bi herrialde demokratiko dira eta independentzia prozesu demokratiko baten ondoren lortuko lukete. Beraien legediak europarrak dira. Europako ekialdeko estatuak Europar Batasunean sartu zirenean, beraien legediak egokitu behar izan zituzten. Eskoziarekin eta Kataluniarekin ez da halakorik gertatzen; berez dira europarrak. Arazoa da beto eskubidea dagoela. Gaur egun Batasuna osatzen duten 27 herrialdetatik (behin Erresuma Batua joanda) 26 beste kide bat hartzearen alde badaude eta bat bakarra aurka, eta honek beto eskubidea erabiltzen badu, ez dago zer eginik. Gizarte demokratiko batek duen neurri antidemokratikoena da”.
“Herritarrak adostean elkar ezagutzen gara”
Angel Oiarbidek hartu zuen jarraian hitza. Nazioen mundua ekimenetik gaur egungo egoerara emandako pausoen berri eman zuen. Gure Esku Dago mugimenduaren aurrekaria Goierrin orain hamar urte abian jarritako Nazioen Mundua izan zela adierazi zuen. Garai hartako giro politikoak gaurkoarekin alderatuta zer ikusi gutxi duela nabarmendu zuen. “Bake prozesu frustratu batetik atera berriak, etsipena eta ilusiorik eza ziren nagusi. Atrintxeratutako gizarte batean geunden, nahiz eta oasiak baziren, eta zain geunden ea zer gertatuko zen”. Testuinguru horretan erabakitzeko eskubidea terminoa sustatzeko aukera sortu zela gogoratu zuen. “Nazioen Mundutik Gure Esku Dagoren dinamikara pasa gara, autodeterminaziotik erabakitze eskubidera. Goierrin urruntzen gintuen gai bat topagune bihurtzeko gai izan ginen. Gai izan baginen herritarrak elkartzeko haizeak kontra genituela, Euskal Herri mailan komuna den zerbaitekin, erdoia kenduta, zer ez genuke egingo?”.
Eskozian egindako erreferenduma gogoratu zuen. “Ikusi genuenean Europa mailan erreferendum bat egin behar zutela, herritar bezala, mugarri bat izan zen guretzat eta han sortu ziren haize demokratikoak guretzat haize bihurtu ziren. Haize haietaz baliatu ginen gizarte bezala ondo posizionatzeko”.
Orain bost urte sortutako Gure Esku Dago “jarrera” bat zela aipatu zuen, “ez lelo bat”. Mugimendu hau, berez, abertzalea ez zela esplikatu zuen, “demokratikoa” baizik. “Metaketa demokratiko bat lortu nahi genuen. Herritarrak eraginkorragoak izan gaitezke batera bagoaz; adostean elkar ezagutzen gara”.
Galdeketatan lortutako ehunekoen inguruan sortutako zurrunbiloekin ez arduratzeko eskatu zuen. “Gu herri dinamika bat gara eta ez ditugu instituzioek dituzten baliabideak. Lautik batek, hirutik batek parte hartzen badu, hori arrakasta bat da. Helburua eztabaida bat sortzea da, gure helburua sortuko den ardatz politiko horren bueltan herritarrak izatea da. Egunen batean erabaki hau hartzeko unea helduko da eta orduan herritarrek jakingo dute zertaz ari diren”.
Galdera gutxi batzuk ere erantzun zituzten hizlariek. Lurraldetasuna aipatu zuen entzule batek. “Lurraldetasuna dugu arazoa edo helburua. Autonomia bezala amaitzeko bada, honek guztiak ez dit ilusio handirik egiten”. Angel Oiarbidek bera ideia berekoa dela onartu zuen, baina azaldu zuen beraientzat bitala “herritarren borondatea”. “Herritarren borondate hori piztu egin behar da. Hemen bizi garen hiru milioi pertsonen borondatea azaleratzea da beharrezkoa. Azpitik lan egiten ez badugu, alperrik arituko gara”. Alvarezen ustetan, ezinezkoa izango da Euskadi independente bat lortzea soberanistarik gabe. Hori bai, beharrezkoa izango da loturak ehuntzea”.