Xatz Eskifaia eta San Pedro abesbatzek kontzertua emango dute bihar Komentuan

Baleike 2017ko apirilaren 7a

San Pedro Abesbatzak antolatuta, musika sakroko kontzertua izango da bihar, larunbata, 19:00etatik aurrera, Komentuko kaperan. Herriko taldeaz gain, Hondarribiko Xatz Eskifaia abesbatzak kantatuko du emanaldi honetan. Bi abesbatzen zuzendaria Amaia Aldalur zumaiarra da.

"Aste Santuaren atarian musika sakroa ardatz izango duen kontzertu bat antolatu dugu. Musika ordea ez da Aste Santuko musikara mugatuko, garai eta jatorri ezberdinetako musikak uztartuko dira: Errusiatik Euskal Herrira eta Alemaniatik Italiara. Zenbait obra elizkizunetan abesteko idatziak izan ziren, beste batzuk, ordea, kontzertuetan eskaintzeko. Gaur egungo musika nagusi izango den arren, egile gehienak bizirik daude, errenazimendu garaiko, barroko garaiko eta garai erromantikoko adibideak ere entzungai izango ditugu", azaldu du San Pedro Abesbatzako kide Iker Gonzalez Cobeagak. "Xatz Eskifaia emakumeez osatutako korua izanik formato ezberdinak entzungo ditugu, ahots grabeak, ahots txuriak eta ahots nahasiak", gaineratu du.

Egitaraua Komentuak eskaintzen dituen ezaugarrietara egokitu da. Horien artean bi estreinaldi izango dira: koruko kide den Iker Gonzalez Cobeagak koru bikoitzara idatzitako O Magnum Mysterium eta ahots grabeentzat pianoaren laguntzaz idatzitako Ubi Caritas.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide