M7 ONTZIRATU

Oier Korta: "Guztion arteko elkarlanak egingo du posible galdeketa honen funtsa errealitate bilakatzera bideratzea"

Baleike 2017ko api. 9a, 09:00

Oier Korta.

Herriak erabakitzeko duen eskubidearen alde agertu da Zumaiako alkate Oier Korta, "betiere, horretarako herriak bere indarrak elkartu eta zilezko bide zuzenak jorratzen baditu". Hauek dira maiatzaren 7aren gainean egin dizkiogun galderen erantzunak. EHBilduko Alex Olideni eta PSEko Arritxu Marañoni galdera berberak egin dizkiegu. Haien erantzunak ere laster izango dituzu irakurgai.

Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duela uste al duzu?

Bai.

Zer iritzi daukazu maiatzaren 7an Zumaian egingo den herri galdeketaren inguruan?

Herri mugimendu batetik sortutako ekimena da eta ni beti izan naiz herriaren eta herriak erabakitzeko dituen eskubideak aldarrikatzearen aldekoa, betiere, horretarako herriak bere indarrak elkartu eta zilezko bide zuzenak jorratzen baditu. Hau da, nire ustetan, guztion arteko elkarlanak egingo du posible galdeketa honen funtsa errealitate bilakatzera bideratzea.

Parte hartuko al duzu? Zergatik?

Bai, esan bezala, herriak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duelako eta eskubide hori gure printzipio ukaezina delako. Zenbat eta lagun gehiagok parte hartu, orduan eta indartsuagoa izango da gure mezua, gure helburua.

Onurarik ekarriko al du herri galdeketak?

Epe laburrean onurak ekarriko dituen ala ez, ez dakit, hori ikusteke dago. Baina ziur naiz herriaren erabakitzeko eskubidea aditzera emango dela eta hori, bere horretan, onura bat eta aurrera pauso bat da guztiontzat.

Herritarrek nahikoa erabakitze ahalmen al dute?

Noski baietz. Erabakitzeko ahalmen edo eskubide hori ukaezina izateaz gain, nahikoa da. Edo hala beharko luke izan, behintzat. Beste gauza bat da ahalmen horretatik eratorritako emaitzak gauzagarriak izango diren ala ez. Edo aurrera eramaten utziko diguten ala ez. 

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide