Ekainaren 25ean jokatuko da Zumaia Flysch Trail lasterketa

Baleike 2017ko apirilaren 10a

Espainiako Txapelketak jokatuko dira –bakarka eta selekzio autonomikoka–, eta itsuentzako ultra trail txapelketa jokatuko da lehen aldiz. Selekzioentzat eta itsuentzat izen-ematea zabalik dago jadanik, baina gainontzeko korrikalarientzat maiatzaren 2an irekiko da kirolprobak.com webgunean. 700 korrikalarik hartu ahal izango dute parte guztira, 400 maratoian eta 300 beste lasterketetan. Bestalde, Juanito Oiarzabal mendizalea izango da aurtengo omendua.

Zumaia Flysch Trail mendi lasterketaren bederatzigarren aldia jokatuko da aurten, egutegian uztailetik ekainera aurreratuta. Espainiako Txapelketak hartuko ditu, bakarkakoak zein selekzioka, eta itsuen ultra trail txapelketa izango du berrikuntza nabarmenena. Maratoiko ibilbide berbera egingo dute itsuek, hiruko taldetan antolatuta eta makil bati helduta: aurrean ikusmen arazorik ez duen gidaria doa, erdian erabat itsua dena eta atzean urritasunen bat duena.

Horrez gain, aurten kadete mailako lasterketa antolatuko dute, 14,14 kilometroko ibilbidearekin, Espainiako kadete mailako txapelketa jokatu ahal izateko. Maratoiko eta maratoi erdiko ibilbideak bere horretan mantendu dira ohar, aldaketa txiki batzuekin. Maratoiaren kasuan, Mendatako igoera zuzenago egingo dute, labarraren paretik; mendi maratoiari dagokionez, Elorriaga parean harralderantz zegoen jaitsiera-igoera kendu egin dute, ibilbidea samurtzeko. Bestalde, Talaimendiko azken aldapa igo ondoren helmugaranzko bidea Itzurungo aldapatik egingo dute San Telmo kaletik jaitsi beharrean.

Lasterketak goizeko 8:30ean hasiko dira, baina aurrez omenaldia eskainiko zaio Juanito Oiarzabal mendizaleari. Oiarzabalek berak hitzaldia eskainiko du ekainaren 23an Aita Marin (19:30ean), 2011n Lothse mendira egin zuen igoeraren inguruko ikus-entzunezkoarekin.

Aurten ere 300dik gora boluntario izango dira lanean lasterketa behar bezala atera dadin. Bestalde, gizarte ekintzarako laguntzarekin jarraituko dute, Aspanogi, Markelen Irria, Hegoak Astinduz eta SOS Himalaya taldeak diruz lagunduta.

Lasterketaren webgunean aurkituko dituzue aurtengo araudia, ibilbideen mapak eta beharrezko informazio guztia: zumaiaflyschtrail.com.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide