Buruz burukoak ez du gabeziak estaltzeko aukerarik ematen eta gaur Zumaian garbi ikusi da Iñaki Artola oraingoz pilotari eginagoa dela Laso baino. Kolpearen bizitasunean ikusi da nabarmen, eta horren aurrean ezer gutxi egin ahal izan du Lasok. Artola zorrotz aritu da sakez, Lasok airez erantzun dio ahal izan duen moduan, baina indarrezko lehia horretan Artolak abantaila guztiak zeuzkan eta ez du aukera galdu: 20-5 hartu du aurrea 25 minututan, eta Lasori ez zaio erantzuten aukerarik gelditu.
Amorrua atera du, hala ere, pilotari nafarrak, eta zortzi tanto erreskadan egiteko gauza izan da, horma bikoa gustuko jokaldia duela erakutsiz behin eta berriro. Artolak zuhur jokatu du Lasoren erasoaldiaren aurrean eta bi atsedenaldi eskatu ditu, erritmoa hautsi eta partida gehiago ez gaiztotzeko. Eta halaxe gertatu da, ondo bideratuta zeukan partidari borobiltzeko gauza izan da Iñaki Artola. Hurrengo kanporaketan Irribarria txapelduna izango du aurrez aurre.
Lehen partidan, Victor eta Imaz
Binaka jokatu dute jaialdiko lehena Victor-Imaz eta Arteaga II.a-Albisu bikoteek. Victorrek ezarri ditu lehen aldeak, aurrealdean joko bizi eta alaia erakutsiz. Imazek ondo babestu du atzean, eta Arteaga eta Albisu partidari neurria hartu ezinik aritu dira lehen erdian, 11-6ko tantora arte. Baina Arteaga agertu da halako batean, eta bolada batean bereak izan dira tanto ederrenak. 15-12 ere gerturatu dira, baina gaur Albisuk ez du bere egunik onena izan atzealdean, eta Victorrek eta Imazek partidaren kontrola hartu dute berriro, 22-15eko azken tantoraino.