SANTELMOAK

Festetako beste protagonistak

Baleike 2017ko api. 25a, 16:18

Garcia anaiak 25 urte baino gehiago daramatzate herriz herri, festaz festa, haur eta gaztetxoen gozamenerako. Gaztetan, barraketako lana probatze aldera hasi ziren, gustatu, eta egun negozio propioak dituzte. Santelmoekin hasten dute denboraldia, eta Orion amaitzen dute abenduan, San Nikolasetan.

Juan Carlos eta Miguel Angel anaiek feriako bi kaseta dituzte. Lehenengoak dardoen jokoa dauka, eta bigarrenak berriz, ahateena. Zumaian lehenak izan ziren lanbide horretan, eta oraindik ere bakarrak izaten jarraitzen dute. Lehendabizi Miguel Angel hasi zen, eta bi-hiru urte beranduago, Juan Carlos batu zitzaion. “Hasiera batean, tiobibo eta beste barraketako langile moduan hasi ginen. Aurrerago, gure negozio propioa jartzea bururatu zitzaigun”, aipatu du Juan Carlosek.

Zumaiara etortzen ziren feriako jendearekin txunditurik izaten ziren Garcia anaiak. Inguruko lantegietan lanean sartzeko aukera askorik ez, eta lanbide honetan zortea probatzea pentsatu zuten. “Lana eskatzera joan nintzen, hartu zidaten eta denboraldi bat beraiekin egin ondoren, bizimodua gustatu, eta neu ere negozio honetan sartzea pentsatu nuen”, adierazi du Miguel Angelek.

Euskal Herrian zehar ibiltzen dira beraien bi kaseta eta karabanarekin batera. Batez ere Gipuzkoako herriak dituzte geraleku. Adibidez, Oñati, Azpeitia, Zumarraga, Mutriku, Getaria eta Deba. Juan Carlosen kasuan, denboraldia herrian hasten du, Zumaian. Handik urria arte jarraian egiten du lan. Azaroan geldirik egoten da, eta Orioko San Nikolasetan berriz zabaltzen du postua. Egun horiek amaituta, hurrengo urteko Santelmoak arte atseden hartzen du. Miguel Angel ordea Tolosako inauterietan hasten da lanean, eta anaiarekin batera, urrian amaitzen du.

Aspertzeko betarik ez

Errutinan murgildutako bizimodurik ez dute. Gutxi gorabehera lau-bost egunetik behin herriz aldatzen dira eta ongi daramate hori. “Nori ez zaio gustatzen herriz herri ibili, leku berriak ezagutu, jende ezberdinarekin egon eta jai giroan murgilduta bizitzea?”, galdetu dute biek. Hain zuzen, festa giroan lan egiteak ez die inongo penarik ematen. “Festetan egotea gustatzen zaigu. Jendea pozik egoten da, alai, eta guregana ere horrela etortzen dira. Guk lana egin behar dugu besteek jai dutenean, baina pozik gaude. Azken finean guk aukeratu genuen bizimodu hori”, nabarmendu dute. Hala ere festez gozatzeko parada hartzen dute noizbehinka. Batzuetan barraketako beste lagunekin zerbait hartzera joaten dira, esaterako.

Geldirik daudenean Zumaian bizi ohi dira, baina festen denboraldian karabana batean bizi dira. “Gu biok guretzako karabana bat dugu, eta batzuetan ama ere gurekin etortzen da”, aipatu dute. Feriako guztiek elkarrekin jartzen dituzte karabana guztiak, eta familia handi bat modukoak direla kontatu dute. “Aspalditik ezagutzen gara elkar, ia beti berdinak ibiltzen gara herri guztietan, beraz lagunak gara”, esan dute.

Arratsaldez zabaltzen dituzte bi kasetak, 16:30ean. “Ordu horretan hasten dira umeak eta gaztetxoak barraketara etortzen, eta gaueko 23:00ak aldera arte egoten gara. Su artifizialak egon ezkero, 24:00ak arte ere luzatu daiteke lanaldia”, adierazi dute.

Aurten pare bat lapurreta izan dituzte, eta pasadizo horrekin nahiko triste agertu dira. “Zumaian bakarrik jasan ditugu lapurretak, eta tristea da. Gure herrian, alajaina”, esan dute atsekabetuta.

Errepikapenak dira asteburu honetan baina Miguel Angel Andoainen izango da. “Aurten Santelmoak berandu izan dira, eta beste herrietako festa batzuekin kointziditu dute. Barraka askok alde egingo dute Zumaiatik”, kontatu du. Bera, San Pedroetan bueltatuko da.  Anaia aldiz, sasoi horretan, Zumarragan izango da. Handik aurrera batera egingo dute udaldia karabana hartuta. Dibertsioa ematen eta opariak banatzen igaroko dituzte hurrengo sei hilabeteak. “Gurekin beti tokatzen da saria”, esanez agurtu dira.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide