San Joseko igogailurako lanak 2018ko lehen hilabetetan hastea aurrikusten du Udalak

Baleike 2017ko apirilaren 27a

Ideia lehiaketara aurkeztutako bost proiektuen artean erabaki dezakete bizilagunek, Hogarrean, asteartera bitartean. Atzo arratsaldean bildu diren udal ordezkariak San Joseko bizilagunekin eta lanak 2018ko hasieran ekitea aurreikusten dela eman zuten jakitera.

Badirudi San Jose kalea eta Eusebio Gurrutxaga plaza/Odieta kalea lotzeko igogailuaren proiektua aurrera doala. Igogailuak  izango dituen hiru geldialditik bigarrenera eramango duen lursaila erosi zuen iaz Udalak eta, ondoren, ideia lehiaketa jarri zuen habian. Aurkeztutako 13 proiektuetatik bost hautatu ditu mahai politiko-teknikoak eta azken egunotan Eusebio Gurrutxagako Hogarrean erakutsi dira. Bizilagunek gogokoena duten proiektua aukeratzeko parada izan dute egun hauetan. Oraindik ere zabalik dago deialdia: astearte honetara arte izango da San Joserako bizilagunek gustukoena den diseinua bozkatzeko aukera.

Gai honekin lotuta, bizilagunekin bilera irekia egin zuen Udalak atzo Hogarrean bertan. Aspalditik datorren gaia da igogailuarena eta zenbait bizilagun, edadetuak gehienak, nahiko  ernegatuta  daude dagoeneko. “Ikusi gabe hilko naiz”, zioen emakume batek Hogarreko kafetegian. Beste emakume batek hitz berberak erabili zituen bileraren amaieran. Askotan agindu zaie igogailu hau egingo zela eta ez dakite oraingoan sinestu edo ez.

Oier Korta alkatea eta Gorka Arregi udal arkitektoa izan ziren bileran herritarrei proiektuen inguruko azalpenak ematen eta sortu zitezkeen zalantzak argitzen. Arregik adierazi zuenez, mahai teknikoak bere erabakia hartuta dauka, nahiz eta puntuazioaren berri ez zuen eman. “Orain bizilagunen txanda da. Baina, jakin behar duzue aukeratzen duzuena ez duela derrigorrez Udalak hautatuko. Bi balorazioak hartuko ditu kontutan proiektua kontratatzeko”.

Igogailua Odietako etxearen ‘dorre’-an joango da eta handik bi pasarela aterako dira: lehena Ubillosera eramaten duen errepidera eta bigarrena San Juan Egoitzako behealdera. 21 metroko altuera izango da puntu horretan eta pasarelak 25 metro inguruko luzera izango du.

Erakutsitako proiektu guztiek, pasarelez gain, erositako lursailarentzako zenbait proposamen egiten dituzte. Arregik garbi utzi zuen igogailua eta pasarelak lehenestuko direla eta posible dela hautatutako proiektuen zenbait xehetasun gero aldatzea.

Normala den bezala, epeen berri galdetu zuten bizilagunek. “Lehenbizi ideia aukeratu behar da. Gero, enpresa honek obra proiektua aurkeztu beharko du eta horren ondoren lizitatu beharko da. Hasiera batean aurten bertan hasteko asmoa zegoen; diru kopurua ere gordeta dago aurrekontuetan, baina, jakinda administrazioko kontuak mantso joaten direla, pentsatzen dugu 2018ko lehen hilabetetan hasiko direla lanak”.  

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide