Pop doinuek eta dantzak bat egingo dute zapatuan Ondartxo plazan

Baleike 2017ko maiatzaren 23a

Astindu dantza taldearen Maiatza Dantzan zikloa larunbat honetan amaituko da Zumaiako Musika Bandak eta Astinduko dantzariek eskainiko duten Dancing with the stars izeneko ikuskizunarekin. Saioa 22:30ean izango da, Ondartxo plazan.

Maiatza Dantzanen baitan hilabeteko larunbatetan egindako laugarren eta azken saioa izango da hilaren 27koa. Astindu beraren egunaren eta pintura eta dantza uztartzen zituen saioaren ondoren, iragan larunbatean Dantzara izeneko ikuskizuna egin zen Eusebio Gurrutxaga plazan. Zumaian eskaintzen diren dantza eskoletako ikasleak izan ziren protagonistak. Hip hop, capoeira, dantza modernoa, klasikoa, garaikidea, txa txa txa, batxata edo Kubako rueda bezalako dantzak ikusteko aukera izan zen ikusle kopuru handia izan zuen saioan.

Aurtengo zikloa amaitzeko, Banda eta Astinduren ikuskizuna egingo da larunbat gauean. Joxe Mari Azkuek zuzentzen duen Bandak bere alde jostagarriena erakutsiko du. Pasodobleak eta pelikuletarako prestatutako musikak une batez alde batera utzi eta gazteek ezagun dituzten pop munduko izar handien egokitzapenak joko ditu: Ed Sheeran, Taylor Swift, Katy Perry edo Bruno Marsen kantak joko ditu, eta baita Coldplayren Viva la vida edo Pharrellen Happy ezagunak ere.

Abesti hauek kantatzeko gonbidatu bereziak  igoko dira oholtzara. Alde batetik Kerman Gardel donostiarra, 2014ko La voz kids saioan parte-hartzailea izan zena, eta, bestetik, Maria Martinez gazte zumaiarra. Musikarien artean Tiktara taldeko buru eta Musika Eskolako irakasle Harkaitz Bastarrika ere izango da.

Doinu hauekin egingo dute dantza Astinduko dantzariek. 25 bat dantzarik hartuko dute parte larunbateko saioan. Azken hilabateotan aritu dira dantzak prestatzen Amaia Bernal irakaslearen aginduetara.

Astinduk eta Bandak aurretik ere kolaboratu izan dute. Orain bi urteko ikuskizuna ere bien artean egin zuten, baina emaitza gazi gozoa izan zen. Iaz Bandak Ondartxo bertan emandako kontzertuan oinarritu dira larunbateko saiorako. «Aulkiak izango dira ikuskizuna jarraitzeko, baina ez da izango eserita egoteko saioa», azpimarratu du Azkuek.

Erlazionatuak

Dancing with the stars

Baleike 2017 mai 23 Kultura

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide