Ostegunean hasiko dira egoiliarren biñetak banatzen

Baleike 2017ko maiatzaren 26a

Atzo egindako maiatzeko ohiko plenoak behin betikoz eta aho batez  onartu zuen herriko aparkalekuak arautzen dituen sistema. Ekainaren 15ean jarriko da abian sistema hau eta ostegun honetatik aurrera banatuko dira alde zaharreko, paolaldeko, Larretxoko, moilako eta San Jose kalekoentzako egoiliarren biñetak. 

Behin betikoz onartu zen atzoko plenoan uda garaian, ekainaren 15etik irailaren 15era, herriguneko aparkalekuak arautuko dituen sistema. Zinegotzi guztien aldeko botoa jaso zuen plenoko puntu honek. Oier Korta alkateak adierazi zuenez, behin behineko onarpena jaso ondoren, bederatzi helegite jaso dira; hauetatik sei onartu dituzte eta beste hiru alde batera utzi dira.

Onartutako helegiteen artean Foruen Enparantzako azokaren alboan dauden aparkalekuak arautzea jasotzen da. Alkateak plenoaren aurretik azaldu zigunez, gune horretako aparkalekuak araudian sartzea ahaztu zitzaien. Azokako gune horretako aparkalekuak errotazio azkarrekoak izango dira eta, gehienez, 20 minutuan aparkatu ahal izango da. Beste lekuetan ez bezala, gune hau udaltzainek kontrolatuko dute.

Izan ere, Ipark enpresak kudeatuko du Zumaiako TAO zerbitzua. Hiru enpresak hartu dute parte deialdian eta aurrez aipatutakoak irabazi du lehiaketa. Enpresak Ortega y Gasset kalean zabalduko du bulegoa datozen egunotan eta ekainaren 1etik aurrera bertan banatuko dira egoiliarren txartelak edo biñetak. Zubitxikitik herrigunera bitarteko auzoetako bizilagunek eskatu ahal izango dituzte txartelak, Ardantzabidekoek ezik, hauek beraien sistema propioa dutelako.

Kortak gogoratu zuen txartel edo biñeta hori jasotzeko ezinbestekoa dela aurrez kotxea kale edo auzo hauetako etxebizitzan erroldatzea. Gestio horiek Zumaiako udaletxean bertan egin daitezke. Gero, behin kotxea erroldatu ondoren, Iparken bulegoan eskuratu ahal izango dira biñetak. 

Iskanbila plenoaren amaieran

Maiatzeko ohiko bilkura lasai zihoan. Puntuak aho batez ari ziren onartzen eta inork ez zuen esperoko amaieran izandako zalaparta. Behin aparkalekuen araudia onartu ondoren, ‘Zumaiako udaleko 2017ko lan-eskaintza publikora atera diren 3 udaltzain plaza jabetzan betetzeko, polizia eta larrialdietarako euskal akademiak antolatuko duen deialdi bateratuan parte hartzeko kudeaketa materialaren gomendioari buruzko hitzarmena onartzea, bidezko bada’ puntua aztertu zen. Hemen, EH Bilduk abstenitzeko asmoa azaldu zuen. “Ez dakigu deialdi horretara joatea ona edo txarra den; agian ona da, baina ez dakigu. Guk beste udaltzain mota bat defendatzen dugu, herrikoiagoa, isunak jartzen ez dituena, eta agian deialdi honetan parte hartzea ona izango da, baina ez dakigunez, abstenitzeko erabakia hartu dugu”, azaldu zuen Alex Oliden bozeramaileak.

Erabaki hau ez zuen begi onez ikusi Oier Korta alkateak eta galdetu zuen ea zer ikusi zuen isunak jartzea deialdi horretan parte hartzearekin.

EH Bilduk Altsasuko istiluen inguruan aurkeztutako mozioa onartu ondoren (12 aldeko boto —EAJ-PNVren 6 eta EH Bilduren 6— eta PSE-EEren abstentzioa), EAJ-PNVk herrian agertutako pintaden inguruko mozioa aztertu zen. Eta hor piztu zen sua.

Pintaketa hauen inguruan bere desadostasuna agertu zuen alkateak. “Aurreko mozioa [Altsasuko istiluena] onartu dugu iraganeko jarrerak direlako eta hauek ere iraganekoak eta gaitzesgarriak dira”.

Alex Olidenek hartu zuen hitza jarraian. Gauzak nahita nahastu direla adierazi zuen “Udalaren gabeziak estaltzeko. Pintada desberdinak daude eta denak zaku berdinean sartu dira”. “Irain pertsonal eta kolektiboen aurka” daudela esan zuen behin eta berriro, eta “hainbeste aipatu duzuen ordenantza” oraindik aurkeztu gabe dagoela gogoratu zuen.

“Nahasten ari zaretenak zuek zarete”, erantzun zion berehala alkateak. “[Pintada] denak gaitzetsi behar dira, ez batzuk bakarrik. Beste garai batzuetan gaude eta hori alde guztietatik islatu behar da”. Mota batzuetako pintaketen alde egotea ere egotzi zien alkateak EH Bilduko zinegotziei. Alkateak beraien ahotan esan ez zituzten gauzak jarri izana salatu zuten koaliziokoek.

Mozioa aldeko 7 botorekin onartu zen (EAJ-PNV, PSE-EE) eta kontrako 6rekin (EH Bildu).

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide