Omenaldi hunkigarria eskaini dio futbol munduak Jon Dominguezen sendiari

Baleike

Iaz zendu zen Jon Dominguez gaztea, Zumaiako Futbol Taldeko jokalaria. Zumaiako berak antolatuta, Jon Dominguezen omenezkoa jokatzen ari dira gaur Aita Mari futbol zelaian. Jubenil mailako Real Sociedad, Athletic, Eibar eta etxeko taldea, Zumaiako neurtuko dira zelaiean. Gaurkoan, baina, emaitzak dira gutxienekoa. 

Eguerdiko 12:00etan omenaldi ekitaldia egin da Aita Marin. Lau taldeetako jokalariak atera dira zelaira bertaratu direnen txalo artean. Jende asko inguratu da gaurkoan herriko futbol zelaira.

Zumaiakoko jokalariak Zure irria, gure indarra! Beti zurekin, Jondo! lema zuen pankarta eraman dute eskutan. Bitartean, nesken taldeko jokalariak ere zelairatu dira eta haien artetik pasa dira Jonen aita, Luis, eta arreba, Amaia. Behin zelai erdian aurresku bat dantzatu da beraien omenez eta Zumaiakoko eta Realeko kapitainek klubetako ikur bana eman dizkiete. Luis Dominguezek eskerrak eman nahi izan dizkie bertaratutakoei semearen kamiseta erakutsiaz. Une horietan malkoak eustea zaila izan da. 

Zumaiakok eta Athleticek jokatu behar zuten ondorengo partida eta hasi aurretik minutu bateko isilunea gorde dute. Hala amaitu da omenaldi ekitaldia. 

Erlazionatuak

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide