Gazteen emantzipazioa bultzatzeko ‘Alokairu beka’ ekimena proposatu du Udal Gobernuak

Baleike 2017ko eka. 4a, 21:59

Udal Gobernuak 18-30 urte bitarteko gazte taldeek alokairurako laguntza eskaera bateratuta aurkeztu ahal izateko Alokairu beka izeneko ekimena proposatu du. Batez ere ikasleei zuzenduta dago eta helburua du alokairu partekatua sustatu eta herriko gazteei emantzipazio eta etxebizitza aukera berriak eskaintzea.

Bide horretatik, gazteek laguntza eskaera bateratua aurkeztu ahal izango dute eta eskari horiek indibidualek baino diru laguntza handiagoa jasoko dutela adierazi du Udalak. “Gaur egun, ikasle eta gazte askok, ordu gutxiko edo asteburuetako lanak izaten dituzte eta irabaziekin ezin dute bere kasa emantzipatu, ez baitira horrelako programek eskatu ohi dituzten diru-sarrera minimoetara iristen”, adierazi du gobernu taldeak.

Alokairu Bekaren bitartez, ordea, gazteen emantzipazioa erraztu eta alokairu partekatua sustatzeko apustuan, eskaera bateratua aurkeztuta, alokairuaren %65-75a ordaintzeko diru laguntza ematea planteatu du gobernuak. “Aztertu ditugun gainerako herrialdeetan, gehienez alokairuaren %50a ordaintzeko laguntzak eskaintzen dira, baina Zumaian, kostako herria izanik, alokairuak barnealdeko herrialdeetan baino garestiagoak dira, beraz, gazteen mesedetan, kopuru hori igotzea proposatu dugu”, gehitu du gobernu taldeak.

Ildo beretik, ekimen horrekin gazteen artean kontratu bidezko enplegua bultzatu nahi dutela adierazi dute gobernu kideek. “Zumaiako gazteei etxebizitza aukera berriak eskaini nahi dizkiegu eta horretarako ezinbestekoa da kontratu bidezko enplegua sustatzea, horiek ordu gutxikoak edo asteburuetakoak badira ere”, gehitu dute.

Datozen asteotan oinarri eta gainerako ezaugarri guztiak zehaztu eta ekimena uztaileko ohiko osoko bilkuran onartzea aurreikusi du gobernu taldeak. Behin prozedura hori itxita, behin-betiko programaren xehetasunak azalduko ditu.  

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide