'Irakurri matte'-k agur esango dio ikasturteari Unai Villenaren 'Hauts haietatik' eleberriarekin

baleike 2017ko ekainaren 13a

Gaur, 18:00etan, Alondegiko Moila gelan, ikasturte honetako azken saioa egingo dute 'Irakurri matte' irakurle taldeko kideek. Unai Villenaren Hauts haietatik nobelaz arituko dira eta idazle elgoibartarra ere beraiekin izango dute. 

Bere lagun Anderren bizitza kontatu nahi digu Oierrek: gazte ausart eta bizizalea, lana, ikasketak, sexua, parrandak… dena ondo doakiona, harik eta zurrunbilo batean sartu eta geldialdirik gabeko gainbeheran jausi arte: drogen kontrola galtzea, agerpen psikotikoak, ospitaleratzea, desintoxikazio-zentroa, psikiatrikoa…

Adiskidetasun-istorio bat da hau, lagunak lagunari egindako maitasun-keinua; baita gaixo mentalei ezartzen zaien estigma sozialaren eta psikiatrikoen salaketa hunkigarria ere; eta, horrez gain, 80ko hamarkada hasieran jaiotako belaunaldiaren kronika: promesaz betetako haurtzaro oparoaren eta gaztaro hedonista baten ostean, maiz, etorkizun argirik gabeko helduaroa topatu duena.

Hauts haietatik eleberria Villenaren lehen lana da, eta Igartza bekaren bultzadaz iaz argitaratu zen. Informazio gehiago 'Irakurri matte'ren blogean.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide