Santiago pareko errepidean lanak egingo ditu Aldundiak, “segurtasuna hobetzeko”

Baleike 2017ko ekainaren 15a

Kotxeen abiadura jaisteko irlatxo batzuk jarriko dira eta errepidea segurtasunarekin zeharkatzeko puntu bat egokituko da Santiago Etxeko parean. Lanak irailean hasiko dira eta zortzi asteko iraupena izango dute.

Santiago hondartzako ingurua hobetzeko pausoak ematen ari dira instituzioak. Hondartzara eramango duen arrapala bat egitea eta tunelera bitarteko bidea hobetzeko konpromisoa erakutsi du Espainiako Gobernuko kosta zuzendaritzak. Orain, Gipuzkoako Foru Aldundia da hobekuntzak aurkeztu dituena, batez ere, Santiago parean errepidea zeharkatzen dutenen segurtasuna bermatzeko.

Asko dira Santiago Etxea eraikinaren aurrean errepidea zeharkatu segurtasun handirik gabe errepidea zeharkatu beharrean aurkitzen direnak: Donejakue Bidea egiten ari dira erromesak Zumaiara bidean datozenak edo herritarrak mendi buelta bat ematera ateratzen direnak. Hondartzaren aurrean dagoen aparkalekutik irtetea ere arriskutsua izan daiteke, bihurgunean dagoelako.

Hala, Aintzane Oiarbide, Bide Azpiegituretako diputatuak gaur Zumaian egindako agerraldian azaldu duenez, zenbait lan egingo dira egoera konpondu eta ingurune hori oinezkoentzako egokitzeko. Puntu horretan errepidetik igarotzen diren kotxeen abiadura jaistea eta oinezkoak puntu jakin batera eramatea planteatzen du Aldundiak.

Azpimarratu denaren arabera, kotxeen abiadura jaisteko, errepide erdian hiru irlatxo jarriko dira eta erreien zabalera 3,60 metrotik 2,75era jaitsiko da.

Bestalde, oinezkoentzat, babestutako pasabide bat jarriko da errepidea bi fasetan gurutzatu ahal izateko. Pasabide horrek 4 metro zabal eta 12 metro luze izango ditu. Gainera, aparkalekua eta gurutzatze puntua 1-1,5 metro zabalera duen espaloi batekin lotuko da. Gune hori argiztatuta egongo da.

Irlatxoak atera eta espaloia egin ahal izateko, Zumaiako noranzkoan dagoen zerbitzu bideko erdibitzailea kenduko dute eta galtzadaren eskuinean 30 metro luze dituen gelditzeko bi eremu eratuko ditu.

Lan hauek uda garaia amaitu ondoren egingo dira eta zortzi asteko iraupena izango dutela aurreikusten da. Aurrekontua 177.000 eurokoa izango da.

Santiagoko eremurako diseinatutako beste proiektuarekin zer ikusirik ez duela nabarmendu dute diputatuak eta Oier Korta alkateak. Korta pozik agertu da lan hauek egitearekin eta Zumaiarentzat "egun pozgarria" dela adierazi zuen. Kosta zuzendaritzak egingo dituen lanei dagokionez, tren hura pasatzen utzi behar ez dela gehitu zuen.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide