Zumaiari eta zumaiarrei egingo die omenaldia Xabier Iruretak bere erakusketarekin

Baleike 2017ko ekainaren 22a

Gaur, Oxford aretoan, 18:30ean, zabalduko ditu ateak ‘Zumaiako marrazki ikutuak’ izena eramango duen erakusketak. Xabier Iruretaren bigarren erakusketa izango da, eta Zumaiko txokoez gain, herriko pertsonaien erretratuak ageri dira.

Txikitatik izan du marrazkia eta pinturarekiko zaletasuna Iruretak, baina garai hartan, lana egitea zen lehentasuna eta arte kontuak ez ziren ezta aipatu ere egiten. "Gure etxean zintzilikatuta zegoen gauza bakarra buzoa izaten zen. Etxean aita gazterik joan zen, eta familia aurrera atera behar zen" gogoratu du.

Erretiratu zenean hartu zuen marrazkiarekiko zaletasuna berriro. "65 urte nituenean hasi nintzen Forondara joaten. Han Ander Hormazuri izan nuen irakasle eta hainbat teknika, gomendio eta ikuspuntu erakutsi zizkidan. Urte eta erdi egon nintzen ikasten, gero nire martxan jarraitu nuen, nire tankeran", aipatu du. Margotzeak asko laguntzen dio Iruretari, batez ere, burua argi mantentzen. "Buruan dabiltzan kezkak alde batera uzteko aukera ematen dit”. 2001ean erretiratu zenetik, 150 bat koadro egin ditu.

Herriko pertsonaiak

Erakusketaren helburua, batez ere, herri mailan dauden ezberdintasunak eta enbidiak alde batera utzi, eta guztiak maila berean eta berdintasunean jartzea da. "Herriko txokoez gain, bereziki, Zumaian bizi diren pertsonaien erretratuei eman diet garrantzia. Era guztietako pertsonaiak daude, eta guztiek merezi dute onespena", aipatu du. Magdalena Iparragirre esnezale oikiarretik hasita, Lucia Lacarra dantzaria, Arantza Tapia sailburua eta Ebaristo Osa olagarrozalearaino. Herri batean dauden koloreak irudikatu nahi izan ditu artista zumaiarrak. "Ezberdintasunak ezberdintasun, guztiok berdinak gara eta hori aurkeztu nahi dut erakusketa honen bidez. Denok ulertuta eta errespetuarekin, elkarrekin egin behar dugu lan, eta herri hau aurrera atera", nabarmendu du. Zumaiako irudi eta pertsonaiez gain, beste hainbat paisaia, bodegoi eta abar aurkitu ahalko dira 50 koadroz osatutako erakusketa honetan.

Gaur arratsaldetik uztailaren 9a arte egongo da zabalik egunero, 18:30etatik 20:30era, eta asteburutan 12:30etatik 14:00etara eta 18:30etatik 20:30etara.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide