Itacoatiarako final-laurdenetarako lehian dago Alex Uranga

Baleike 2017ko eka. 22a, 22:03

Maniobra ederrak ari dira egiten Itacoatiarako txapelketan. Argazkia: APB Tour

Munduko Bodyboard zirkuituko hirugarren proba ari da jokatzen egunotan Itacoatiara (Brasil), eta han da Alex Uranga, iazko txapela defenditzen. Laugarren errondan ezin izan du final-laurdenetarako sailkapena lortu, baina bihar bosgarrenean izango du beste aukera bat.

 

Pipeline (Hawaii) eta Teahupooko (Tahiti) proben ondoren, Itacoatirako txapelketan dabil buru-belarri Alex Uranga. Aste osoan lepoko minez dabilen arren, dagoeneko final-laurdenetako atarian da. Lehen hiru errondak gainditu eta gero, laugarrenean ezin izan du Iain Campbell hegoafrikarra gainditu. Campellek sekulako erakustaldia egin du eta lehen minutuetan utzi du kanporaketa ia erabakita. Alex gogotik saiatu da baina Campbellek langa oso goian jarri dio eta ezin izan du gainditu. 15.25eko puntuazioa lortu du Campbellek, 12.50ekoa Urangak, eta Diego Cabrera sailkatu da hirugarren 7 punturekin.

Bihar bosgarren kanporaketan Lewy Finnegan australiarraren aurka izango du aukera Alexek final-laurdenetarako txartela eskuratzeko. Dena ondo bidean, bihar erreskadan jokatuko dira kanporaketa guztiak, finala barne.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide