Xey ixteko txostena aurkeztuko du zuzendaritzak

Baleike 2017ko uzt. 5a, 16:13

Xeyko langileak, maiatzean egin zuten lehen agerraldi publikoan.

Enpresako zuzendaritzak gaur jakinarazi die langileen ordezkariei enpresa ixteko txostena aurkeztuko duela datorren astean. Gaur egungo jabeek ez dute aurrera jarraitzeko aukerarik ikusten eta irtenbide bakarra enpresa likidatzea dela diote. Enpresaren kargu egingo den eroslerik agertu ezean, behin betirako itxiko da Xey. Guztira 170 bat langile dauzka, 140 Oikiako lantegian.

Espero zezaketen albisterik okerrena jaso dute gaur Xeyko langileek enpresako zuzendari nagusi Juan Fanorekin egin duten bileran: zorrei aurre egiteko ahalmenik gabe gelditu omen da enpresa eta, diru sarrera berririk iritsi ez denez, datorren astean enpresa ixteko txostena aurkeztu beste aukerarik ez zaiela gelditzen. Maiatzean mobiliziazioekin hasi zirenetik langileek beti defenditu dute enpresa bideragarria dela eta lanpostuei eusteko konpromisoa eskatu diete akziodun nagusiei, Eusko Jaurlaritza tartean. Baina enpresak zor handiak ditu (30 milioitik gora) eta haiei aurre egin ezinik gelditu da, akziodunek diru gehiago ez jartzea erabakita.

TSko eredua

Itxiera txostena datorren astean aurkeztuko du enpresak. Epaileak onartzea da normalean eta, behin autoa kaleratzen duenean, enpresa likidatzeko prozesua hasiko da. Enkantera aterako da, eta gelditzen zaien itxaropena da jarduerarekin segitzeko asmoa duen erosle bat agertzea. Horixe da langileek landu nahi duten bidea, eta horretarako bilerak egin nahi dituzte administratzaile konkurtsalarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin. Enpresa likidatzeko garaian, Eusko Jaurlaritzari eskatuko diote erosleren bat aurkitzeko ahalegina egin dezala, eta baldintzen artean lehenestea lanpostuak, TS fundizioarekin egin zen bidetik. Bestalde, oraindik ere enpresaren datu ekonomikoen berri ez daukatela salatu dute. Informazioa eskuratzen saiatuko direla iragarri dute, enpresaren gainbehera ekonomikoan administrariek zer nolako erantzunkizuna izan duten argitzeko.

Behin itxiera txostena indarrean sartzen denean, langileentzat egoera ez da batere erraza izango, eta litekeena da FOGASAra jo behar izatea zor zaien diruaren zati bat kobratzeko. Dena den, langile askori hamabi soldata zor dizkie enpresak eta FOGASAk gehienez lau baino ez ditu ordaintzen. Kalte ordainari dagokionez, 20.000 euro ordaintzen ditu FOGASAk gehienez, lan egindako urteen arabera. Xeyren kasuan, kontuan hartuta finantza erakundeekin daukatela zorra eta enpresa erabat hipotekatuta daukatela, salmenta posible batetik lortutako dirua aurrera zorra kitatzera bideratuko litzateke. Xeyk 170 bat langile dauzka, haietako gehienak, 140 inguru, Oikiako lantegian. 

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide