Udaleko Gaztedia batzordean EH Bilduk dituen bi kideek, Arritxu Iribarrek eta Nerea Eizagirrek, hartu zuten hitza. Iribarrek gaia kokatu zuen: "Etxebizitza izatea eskubide unibertsala da, eta jakin badakigun arren, gure proposamen honek ez duela arazo potolo hori osotasunean konponduko, gai horretako ertz bat leuntzeko baliagarria izango da".
"Zumaian turismoak gero eta indar handiagoa dauka, eta horren eraginez, alokairuko etxeen prezioa gora doa etengabe. Zaila dago etxe bat alokatzea Zumaian, nahiz eta etxe huts asko dauden. Etxe hutsena landu beharreko gai bat da ere", gaineratu zuen zinegotziak eta beste gai bat ere atera zuen: “Apartamentu turistikoak arazo dira era berean gai honetan, ez dute batere laguntzen”. Gazteentzako bakarrik ez, proposamen hau behar soziala dituzten guztientzat irekita dagoela ere esan zuen, “zumaiar guztientzat”.
Proposamen hau legealdia hasi zenetik egiten ari diren “oposizio eraikitzailearen” baitan doala ere azpimarratu zuen Iribarrek.
Ondoren, gaia beraren kronologia egin zuen Iribarrek: "EH Bildutik eskatu genuen aurrekontuetan gai honetarako diru partida handitzeko, eta hala egin zuen Udal gobernuak. Hori iazko abenduan izan zen. Aurtengo martxoan galdetu genuen batzordean ea gaia zertan zen, eta ezer egin gabe zegoela erantzun zigun Udal gobernuak. Maiatzean, beste batzorde batean, berriz galdetu genion EAJren Udal gobernuari ea zertan zen gaia, eta zerbait egiten ari zirela erantzun ziguten. Guk eskatu genien gaiari buruzko bilera monografikoa egiteko, eta bide batez, gure proposamenaren lehen zirriborroa aurkeztu genuen. Bilera egin genuen batzordean handik gutxira, eta aldi berean, Udal gobernuak bere proposamena aurkeztu zuen medioen bitartez, Gazteen Bekarena (guk ere medioen bitartez jakin genuen). Guk gurea lantzen jarraitu dugu, eta orain, herritarrekin osatu eta gero, hurrengo plenoan eztabaidatzeko erregistratua dago".
Iribarrek berriz nabarmendu du "proposamena" dela, eta aurrera aterako bada, EAJk eta PSE-EE-k ezingo dute kontra bozkatu.
Proposamena lantzeko orduan, "beste herri batzuetako ereduak ere" kontuan hartu dituztela azaldu zien herritarrei. "Herri horietan onartuta daude horrelako diru laguntzak, eta herri batzuetan EAJ ari da agintzen, eta beste batzuetan EH Bildu".
Ondoren, Nerea Eizagirrek hartu zuen hitza, eta EH Bilduren proposamena teknikoki azaldu zuen, gauza bakoitza zergatik erabaki den horrela izatea azalduz. (Proposamena bere horretan, hemen).
Gero, herritarrek hartu zuten hitza, eta aukera ere eman zaie beraien proposamenak eta iradokizunak idatziz emateko ere.