Iñaki Osa Goikoetxeak ez du Jai Alai World Tourra jokatuko

Baleike 2017ko uzt. 13a, 17:08

Iñaki Osa Goikoetxea pilotari zumaiarrak aurten Jai Alai World Tour txapelketa ez du jokatuko. Hala adierazi du Arritxu Iribarrek Euskadi Irratirako egindako elkarrizketa batean. Iparraldeko denboraldia jokatuko du horren ordez Goikoetxeak eta igande honetan Markinan jokatuko den jaialdian izango da. 

Elkarrizketan adierazi duenez, eta iaz ez bezala, enpresek aurten ez diote patrozinatzaile duen markarekin, Red Bullekin, jokatzen utzi. Azaldu duenez, Mexikon jokatzeko aukera ere izan zuen hasiera batean, baina, bere esanetan, Mikel Egiguren, Jai Aliveko enpresarioa, erabaki horren aurka azaldu zen. "Bera da Mexikorako Europako jokalariak eramaten dituena eta hango enpresarioei esan zien nik Red Bullekin jokatzen banuen, berak eramaten dituen 15 jokalariek ez zutela jokatuko".

Erabaki horren atzean enpresen arteko interesak daudela adierazi du zumaiarrak. "Esan zuten jokatu nahi banuen kasku zuriarekin jokatu beharko nuela eta Red Bulleko kaskuarekin jokatu nahi banuen, Iparraldean izan beharko zuela". Pilotalekuetatik kanpo "bere kartak" jokatuko dituela ere esan Goikoetxeak. 

Elkarrizketa Iñakiren Facebookean aurkitu dugu. Hemen entzun dezakezue.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide