Udane Juaristi: "Nirekin batera, nire koadroak ere heltzen ari dira"

Baleike 2017ko uztailaren 14a

Udane Juaristi margolari azkoitiarrak URBANue IV erakusketa zabaldu zuen atzo Alondegiko Oxford aretoan. Bere margoetan lantzen dituen paisaia urbanoak jasotzen dira erakusketa honetan, baina, baita ere, naturari ere leiho bat zabaldu dio. Uztailaren 25era arte izango da zabalik. 

Orain zortzi urte garai honetan bertan izan zen Juaristi Zumaian bere aurreko erakusketarekin. Hiri handietako etorbideak, Parisko teilatuak eta collage teknikarekin egindako lanak erakutsi zituen orduko erakusketa hartan. Atzo bertan zabaldu zuen URBANue IV mostran antzerako lanak aurki daitezke. Hiri handietako trafikoa jasaten duten errepide zabala, Sena ibaia Paristik igarotzen den unea, baina baita Sardiniako herrixka bateko kaleak ere. 

"Urbanuarekin, hiritarrarekin, jarraitzen dut, baina koadroak asko aldatu dira denbora honeta", azaldu digu Udanek. "Gai aldetik hiritar horrekin jarraitzen dut, baina kolore, teknika eta material aldetik aurrera egin dut".

"Mugimendua, bizitza, zahartutako espresioak" dira giro urbano horretan hain erakargarriak aurkitzen dituen motiboak. "Kaleko giro hori gustatzen zait. Orain urte batzuk Zumaian erakutsi nituen koadroekin alderatuta aldaketa handia dago. Kaleekin jarraitzen dut, baina, itsasoa ere sartzen hasi naiz. Txalupak, ura... alde horretatik ari naiz lanean. Nik koloretan aurkitzen dut aldaketa handiena. Kolore biziagoak sartzen ari naiz. Nik uste, nirekin batera, koadroak ere heltzen ari direla".

Gai aldetik badira zenbait aldaketan, baina baita teknikan ere. Adibidez, zenbait lanetan erliebea ematen dioten elementuak sartu ditu. "Azkeneko urteetan aritu naiz, pixka bat, paperaren testurei etekina ateratzen, egurra sartzen, metakrilatoa ere bai, plano bakarrean ez geratzeko". 

Erakusketa uztailaren 25era arte egongo da zabalik Alondegiko Oxford aretoan, egunero, 18:30etik 20:30era. Asteburu eta jaiegunetan ere zabalik izango da eguerdietan, 12:30etik 14:00etara. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide