Kauldi Odriozola, Munduko txapeldun

Baleike 2017ko uzt. 30a, 21:35

Kauldi Odriozola eskubaloi jokalari zumaiarrak munduko txapelketa irabazi du Espainiako selekzioarekin. Gaur arratsaldean jokatu da junior mailako Munduko txapelketako finala eta Espainiak, luzapenean, 38-39 emaitzarekin irabazi dio Danimarkari. Kauldik bost gol sartu ditu.

Partida latza, gogorra, berdindua izan da. Espainiako selekzioak aurrea hartu du markagailuan eta hirugarren minuturako oraindik heltzeko zeudela 0-3 emaitzarekin aurretik jarri dira. Pixkanaka daniarrak aldea txikitzen joan dira eta lehen zatiko erdira heltzerakoan 8 goleko berdinketa jarri zen markagailuan. Gol gutxiko aldearekin, baina Espainia aurretik joan da markagailuan lehen zati horretan. Atsedenaldira 16-18 emaitzarekin joan dira. 

Bigarren zatian ere indartsu atera da Espainia eta aldea lau golera zabaldu du (16-20, 17-21, 18-22, 20-14). Daniarrek hortzak estutu dituzte eta aldea jaisten joan dira eta partida amaierara ezin berdinduago heldu dira bi taldeak. Une horretan jarri dira daniarrak lehen aldiz aurretik markagailuan. 60 minutuko partidaren amaierara 34nako berdinketarekin heldu dira, baina, daniarrek partida eta txapelketa irabazteko aukera ezin hobea izan dute eskutan, epaileek penalti bat eman dietelako daniarrei denbora agortuta zegoenean. Xoan Ledo atezainak, ordea, geratu egin du penaltia eta luzapenera joan dira. 

Luzapenean Dujshevaev jokalariak hiru gol sartu ditu, horietatik hirugarrena azken segundoan. Gol horiei eta Muñozek eta Gomezek sartutako golei esker, Espainiak 38-39 emaitzarekin irabazi du Espainiak Munduko txapelketa.

Kauldik 30 minutu jokatu ditu partida honetan eta bost gol erdietsi ditu egindako zazpi jaurtiketetatik. Gehienak, lau, lehen zatian sartu ditu. Denboraldi apartari ezin modu hobeagoan eman dio amaiera zumaiar gazteak. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide