‘Harmaila’, kirola patxadaz hartzen duen aldizkari berria atera dute

Baleike 2017ko abuztuaren 1a

Harmaila izeneko aldizkari berria argitaratu berri dute. Honen atzean hiru lagun daude, horien artean, Aitor Manterola kirol kazetari zumaiarra. Urtean bost zenbaki ateratzeko borondatea erakutsi dute. Lehena, 0 zenbakia, dagoeneko irakurri daiteke www.harmaila.eus webgunean.

Kirolaz hitz egiterakoan, askotan, sarritan, gehiegitan, lehiakortasunaz hitz egiten amaitzen dugu. Lehiakortasun horren alderdi okerrenarekin topo egiten dugu askotan, gainera. Bada, ordea, kirola modu lasaiago batean lantzea gogokoago dutenak. Filosofia horren aldeko apustua egin dute Harmaila aldizkari berriaren arduradunek.

0 zenbakia atera berri duen argitalpen honen atzean Aitor Manterola kirol kazetari zumaiarra, Eñaut Barandiaran gidoilari eta kirol zuzendaria eta Iñaki Berastegi kirol esataria daude. Futbolmamia ataria sortu eta gutxira hasi ziren Manterola eta Barandiaran kirolari zuzendutako argitalpen bat sortzeko ideiarekin. “2012. urtea izango zen. Pentsatzen genuen kirolari zuzendutako euskarazko egunkari edo aldizkari bat behar zela; hutsunea zegoela uste genuen eta baita halako baten beharra ere ikusten genuen. Orain urtebete inguru berriro hasi ginen eta Iñaki Berastegi batu zitzaigun. Ikusita Euskal Herrian dagoen kirol zaletasuna eta zenbat jendek kirola egiten duen, halako aldizkari baten irakurle potentzialak bazirela pentsatu genuen”, azaldu digu Aitor Manterolak.

Pentsatu eta baita egin ere. Harmaila aldizkariaren 0 zenbakia atera berri dute. 72 orrialde ditu eta koloretan da. Formatu digitalean bakarrik atera dute; www.harmaila.eus webgunean irakurri daiteke, on line. Lehenengo zenbakia paperean ere aterako dute, eta paperekoa eta digitala ordainpean izango dira.

Lasai irakurtzeko moduko aldizkaria da, “erreportaje eta elkarrizketa luzeekin osatutakoa”. Kirola bera mamitik heldu nahi dugu. Ez da gure asmoa egunerokotasunean edo emaitzak/lehia bikotean oinarritutakoa izatea. Kirola eta kirolaria hartu eta lasai mamitu, gozatu eta landu nahi dugu”.

Manterolaren esanetan, kirol guztiei egin nahi diete tartea aldizkariko orrietan, ez denen ahotan dauden kirolei bakarrik. “Kirol denek izango dute presentzia, ez futbolak, saskibaloiak edo pilotak bakarrik”. Euskal Herrikoak egongo dira, baina baita mundu osokoak ere. “Euskal Herrikoak landuko ditugunean lurraldetasuna ere kontutan hartuko dugu. Adibidez, 0 zenbaki honetan Lapurdiko arraunlariak sartu ditugu”. Genero ikuspegia ere lantzeko borondatea ere erakutsi dute eta emakumeen kirolari ere lekua eta presentzia eskainiko dietela nabarmendu du zumaiarrak.

Lehen edo 0 zenbaki honetan. udara izanik, arraunari eman diote azala eta Jon Maia bertsolari, idazle eta dokumentalen zuzendaria elkarrizketatu dute. Arraunaren beste ikuspegi bat eskaini nahi izan dute eta kirola ez den beste esparru batzuetara eraman dute. “Kultura aldera eraman nahi izan dugu. Ikusten dugu kultur aldetik badagoela halako erresistentzia bat kirolari begiratzen zaionean”.

Paperean edo digitalean

Harmaila etxean jasotzeko aukera izango da, paperean, harpidetuta. Harpidetza 40 euro izango da urteko paperezko aldizkariaren kasuan. Formatu digitalean jaisteko aukera nahiago dutenek 15 euroko harpidetza egingo dute. Urtean bost zenbaki ateratzeko asmoa dute. “Zenbakiz zenbakirako tarte horretan bizirik mantenduko dugu webgunearen bitartez”.

Euskal Herriko zenbait komunikazio talderekin harremanetan jartzeko borondatea ere erakutsi dute. “Haiekin bildu nahi dugu produktua ea interesatzen zaien eta elkarlana posible ikusten duten jakitekoa. Kirola euskaraz jorratzen dugula ikusita, batek edo bestek interesa erakutsi du. Gero, gainera, euskararen erabilera behera egin duela ikusita, kirola bada erreferentzia bat. Bada euskarazko komunikabide esparruan kirolaren alde apustua egiteko ordua”.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide