Kabra eta dontzeilen eta Arrain Txiki txiki lehiaketak jokatuko dira aste honetan

Baleike 2017ko abuztuaren 2a

Anade elkarteak antolatuta, Zumaiako udaran leku propioa duten bi arrantza lehiaketak jokatuko dira aste honetan: Kabra eta dontzeilena bihar eta Arrin txiki lehiaketa, Iñaki Sorazuren oroimenezkoa larunbatean. 

Kabra eta dontzeilen 42. lehiaketa izango da biharkoa. Ordutegia 07:30etik 12:00etara izango da. Irteera neutralizatua izango da antolakuntzak itsasoan erabakitako puntu jakin batera artea. Bertan, suziria bota eta lehiaketari hasiera emango zaio. 12:00etan, itsasoan, katxaperoa botako da lehiaketa bukatu dela adierazteko. 12:30ean ontzi denek Zumaiako kaian egon beharko dute. 

Edozein ontzi mota onartuko da. Lehiaketa bakoitzak arrantzako aparailu bakarra erabili ahal izango du. Arrantzako aparailu bakoitzak gehienez hiru amu izango ditu. Txirrika elektrikoak debekatuta daude.

Arrantzarako eremua: Zumaiako barratik irtena, ezkerretara Aitz-txuri pareraino, eta eskubi aldetik San Anton mendiraino. Itsasertzetik urruntzeko mugarik ez dago. Parte-hartzaileek zehaztutako eremuan egin beharko dute arrantzan. Aipatu eremutik kanpo egiten badute, deskalifikatu egingo dira. Pisaketa Anade elkartean egingo da. 12:45erako ontziren batek bere arrantza ez balu aurkeztu, deskalifikatua izango da. 

Izenak Anade elkartean emango dira. Izena emateko azken eguna eta ordua gaur 19:30ak da. Ontzi bakoitzeko 20 euro ordainduko dira.

Arrain txiki lehiaketa

Larunbatean jokatuko da elkarteen arteko Arrain Txiki lehiaketa, Iñaki Sorazuren oroimenezkoa. Txapelketan haurren federazio lizentzia duten arrantzaleek bakarrik hartu ahal izango dute parte.

Bi maila izango dira: A maila 7tik 11 urtera bitartekoentzat (zinta gorria) eta B maila 12 urtetik aurten 15 urte beteko dituztenen artekoa (zinta berdea).

Lehiaketaren ordutegia 15:00etatik 18:00etara bitartekoa izango da. Modalitate bakarra izango da: jaurtiketa. Ezin dira urak beitatu eta beitak naturalak izango dira. Arranza mota heriotzarik gabekoa izango da. Arrantza eremua muturreko hesi horritik parol muturreraino bitartekoa izango da. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide