Harold Lloyden 'Safety last', zuzeneko musikarekin, Musika Jaialdian

Baleike

Zinearen hastapenetan, pelikulek hitzik ez zutenean, zuzeneko musikarekin laguntzen ziren filmeen proiekzioak. Zumaiako Musika Jaialdiak zine klasikoa ikusteko era hura berreskuratu zuen orain hamarkada batzuk eta ordutik hainbat maixulan ikusteko aukera izan da, beti ere, zuzeneko musikarekin. Gaur zinean izan den komiko eta akrobata handienetako baten lan ezagunenetakoa ikusteko aukera izango da Oxforden: Harold Lloyden Safety last-El hombre mosca. 

Filmak gizon gazte baten istorioa kontatzen du. Bere herria eta andregaia atzean utziko ditu, eta hirira joango da lan hobe baten bila. Baina bertan gauzak ez zaizkio espero bezala aterako. Porrota ezkutatzeko, itxurak egingo ditu maitearen aurrean, eta gezur geroz eta handiagoari eutsi beharko dio, harik eta neska bere lantokian ezustean agertu arte. Filmak 20. hamarkadako eszena komiko ezagunenetakoak biltzen ditu, hala nola, Harold Lloyd trantze larrian dagoen irudi gogoangarria, dorre bateko erlojuaren orratzetatik zintzilik, erortzeko zorian. 

Musika Javi Perez de Azpeitiak jarriko du. Aurrez ere sarritan izan da Zumaian bere pianoarekina zine klasikoko altxor hauek laguntzen. Musikeneko Irakaslea 2002az geroztik. Saritua hainbat Piano eta Kamarako Lehiaketetan. EOSeko kolaboratzailea 1984az geroztik. Film mutuei dagokienean, Nazioarteko Jaialdi eta Filmoteka garrantzitsuenetan parte hartu du, besteak beste, Boloniako Cinema Ritrovato, Berlinale, Toronto Film Jaialdia, Donostiako Zinemaldia edota Filmoteca Española. 

Saioa 22:30ean izango da, Alondegiko Oxford aretoan.

Erlazionatuak

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide