Gustav Mahler-ek esan zuen bere musika ulertzeko garaia ez zela oraindik heldu, eta ez zebilen oker. Bere garaian orkestra zuzendari estimatua izan bazen ere --judutarra izateak ekarri zizkion arazoak gorabehera--, konpositore gisa ez zuten aintzat hartu, baina gaur sinfonista onenetakotzat jotzen da.
Laugarren sinfonia, bere lanik ospetsuena, ez da Mahlerren beste batzuk bezain iluna. Lantzen duen gaia heriotzaren osteko bizitza da, paradisua, haurren ikuspegi xalotik irudikatuta, janari eta goxokiz betetako mundu gisa.
Egingo dugun bertsioa talde txikientzako egokitzapena da, Klaus Simonen moldaketa, baina duela mende bat Schönbergek orduko musika garaikidea hedatzeko sortu zuen ganbera-taldearentzat egindakoan oinarritua.
MIREN URBIETA-VEGA
Musikene Euskal Herriko Goi-Mailako musika ikastegian lizentziatu zen kantuan eta Valentzian osatu zituen ikasketak, Palau de les Arts-eko Placido Domingo Hobetze Zentroan. Gaztea izan arren, dagoeneko sari garrantsitsuak irabazi ditu, besteak beste 2015en abeslari berri onenari Teatro Campoamor Sari Lirikoa eman baitzioten, ABAOrako Nuria Espertek ekoitzi zuenTurandotmuntaian Liu pertsonaia abestu zuenean.
Bere ibilbidean oratoria eta sinfonia arloa ere landu ditu (Mozarten Requiem, Dvoraken Stabat Mater…), eta bide horretan Bilboko eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin lan egin ohi du, baita beste hainbat talderekin ere. Aurki Madrilgo Zarzuela antzokian debuta egingo du; Bartzelonako Gran Teatre del Liceun aritua da eta laster bueltatuko da hara, Donizettiren La Favorite operan Ines izateko.
ALAIN AYERDI
Alain tronboian lizentziatu zen Musikenen eta han irakasle izan zituen Juan Real, Dani Perpiñan eta Alberto Urretxo. Euskadiko Gazte Orkestran (EGO) titularra izan zen 2005-2007an eta harrezkero hainbat orkestra sinfonikorekin aritu da: Bilboko BOS, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa (EOS), Burgosekoa, Nafarroakoa, etab. Andoni Sierrak zuzendutako Conductus Ensemble eta Capilla Santa María ganbera-orkestrekin ere jo ohi du, eta kantu ikasketa profesionalak ere baditu.
Gaur egun tronboi, bonbardino eta tuba irakaslea da Irungo kontserbatorioan eta 2015az geroztik Errenteriako Musika Kultur Elkartearen banda zuzentzen du.