Aste osoa eguraldi iragarpenari begira pasa dute antolatzaileek, eguraldia eta itsasoa petralduko ote ziren beldur. Iaz errioan jokatu behar izan zen igeriketa proba olatu handiak zeudelako, baina aurten itsasoak baimena eman du eta Itzurundik Arranplarako hiru kilometroak egiteko beta izan dute 300 parte hartzaileek.
Olatu handi-handirik ez, baina haizea atera du eguerdian eta lanak izan dituzte igerilariek; aurrena, Itzurungo irteeran olatui aurre egiten, eta gero paol-muturreraino haizearekin borrokan. Behin barrako punta gainditu eta errioan sartu direnean, deskantsua igerri du batek baino gehiagok, handik Arranplaraino kilometroa dagoen arren.
Gizonen proban Jon Mujika bergararrak irabazi du. Iaz ere bera izan zen azkarrena errioan eta aurten erakutsi du itsasoan ere txapela defenditzeko gai dela. Hiru kilometroak osatzeko 39 minutu eta 37 segundu behar izan ditu. Bere atzetik bi zarauztar: Nikolas Illarramendi (40:37) eta Jon Unanue (41:38). Laugarren postuan sartu da sailkapeneko lehen zumaiarra, Mikel Mangas, 41:40ko denborarekin.
Eta emakumeen proban Logroñotik etorritako Alba Romerok irabazi du, 41:47ko denborarekin. Bigarren, iazko irabazle Amaia Zendoia donostiarra izan da (42:38), eta hirugarren ere beste donostiar bat, Ana Vega, 43:03ko denborarekin. Zumaiarren artean, Nekane Agirre izan da azkarrena, 55:25eko denborarekin.
Hondartza eta Arranpla ingurua jendez gainezka izan dira proba ikusgarri honetako irteeera eta helmuga ikusi eta igerilariak animatzeko.