Zubia alde batetik bestera zeharkatzen zuen xafla zati oso bat falta zen gaur goizean. Hori ikusita, zubia ixteko erabakia hartu dute udal ordezkariek. Hau idazterako orduan ez dakigu norbaitek nahita kendu duen xafla zati hori edo, zubia estaltzen duen azaleraren egoera ahula medio, hautsi egin den.
Izan ere, Moilaberriko zubiaren azalera osatzen duten xaflen egoera nahiko ahula da azken aldian, gehienbat, Moilaberriko aldean. Orain egun batzuk zati bat hautsita agertu zen. Orain, xafla zati oso bat falta da eta erabiltzaileen segurtasuna bermatu nahian, momentuz zubia ixteko erabakia hartu da. Jakin dugunez, Udalak badu zubian lan batzuk egiteko asmoa iraila aldera.
Nahiz eta Zubitxikian zenbait obra egiten ari diren, herrigunetik poligonoetara, pasatzeko zabaldu egin da berriro.