Helene Alberdik eta Urko Herranek irabazi dute Zumaiako Triatloia

Baleike 2017ko ira. 2a, 20:37

Helene Alberdi erdian, ezkerrean Irene Lizoate eta eskuinean Usoa Ostoloza. Argazkiak: Gorka Zabaleta

Helene Alberdi zumaiarrak irabazi du gaur arratsaldean jokatu den esprint distantziako Zumaiako Triatloia. Sari bikoitza lortu du, Euskadiko txapela ere jokoan baitzegoen. Gizonen proban Urko Herran arabarrarentzat izan da lehen postua, Ander Garcia taldekidearekin eskutik helduta sartu eta gero.

Denboraldi bikaina ari da osatzen Helene Alberdi eta bazuen etxeko proba irabazteko gogoa. Igerian espezialista handia da Helene, eta Arranplatik Moilaberrira egindako 750 metroetan tartea ireki du. Bizikletako lana bakarrik egin du lasterketa buruan, eta aldea areagotzeko gai izan da Aizarnazabalera egin beharreko 20 kilometroko joan etorrian. Korrikako bost kilometroei pare bat minutuko aldearekin ekin die eta nahikoa seguru zirudien garaipenak.

Helmugan aitortu duenez, ordea, larri ibili da korrika, eta estutu ere egin da atzetik Irene Loizate gero eta gertuago zeukala ikusi duenean: "Lehen itzulian esan didate 40 segundora neukala eta estutu egin naiz. Leher eginda nentorren eta larri ibili naiz. Irabazi egin dut baina ez dut batere gozatu". Helene Alberdi izan da irabazlea (1:03:45), bigarren postuan Mugarra Triatloi Taldeko Irene Loizate (1:04:18) sailkatu da, eta hirugarren Usoa Ostolaza (1:06:03) zarauztarra izan da. 

Herran eta Garcia taldekideak elkarrekin helmugaratu dira.

Emakumeak Arranplatik abiatu eta ordu laurdenera hasi da gizonen proba. Lan berbera egin behar zuten, baina, nonbait, tropelaren buruan zihoazen igerilariak nahastu egin dira eta Moilaberriko zubirantz joan beharrean ibaian gora jarraitu dute Sarauneko zabalgunearen kontra. Okerraz ohartu direnerako metro dezente gehiago zituzten eginak. Atzetik zetozen igerilariak garaiz jabetu dira gertatutakoaz eta zuzen etorri ahal izan dira lehorreratzeko puntura. Uretan egon zitezkeen aldeak ez dira hain nabarmenak izan eta tropela abiatu da bizikleta gainean. Aizarnazabaldik bueltan ere talde handi samarra iritsi da, eta korrikako bost kilometroetan erabaki da irabazlea. Beno, irabazlea ia zozketan erabaki behar izan dute, Urko Herran eta Ander Garcia taldekideak (Araba Tri) eskutik helduta sartu baitira helmugan. Azkenean epaileek erabaki dute Herran (55:13) izan dela lehena eta Garcia (55:14) bigarrena. Hirugarren postua Ignacio Tancorentzat (55:45) izan da. Lehen zumaiarra Juan Mari Azpillaga izan da.

Proba herrikoia

Esprinteko proban 400 triatleta izan badira –80 emakume–, herrikoian ere dortsal guztiak agortu eta 200 kirolarik hartu dute parte. Hauek Itsas kiroldegitik abiatu dira, marearen kontra igeri ez egiteko. Ione Mujika elgetarra izan da lehen emakumea, atzetik aurrerantz egindako proban, Ana Alava (gasteiz) eta Naiade Velascoren (Portugalete) aurretik. Gizonen artean, Josema Huizi (Bera), Eñaut Fernandez de Lezea (Zizurkil) eta Kimetz Etxabe zumaiarra izan dira hiru azkarrenak. Emakume zumaiar azkarrena Begoña Amilibia izan da.

Omenaldiak

Proba herrikoia hasi aurretik Jose Manuel Azkue Xirula izan dute gogoan, haren omenezko minutu bateko isilunearekin. Esprinteko probaren aurretik berriz, udan Pirinioetan hildako Mikel Crespo Aretxabaletako mendizaleari egin diote omenaldia.

 

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide