Irailaren 30ean jokatuko da Euskal Kosta krosaren lehen edizioa. Zumaiatik Zarautzera joan-etorria izango da aurtengoa, Beheko plazan hasi eta buka, 17:00etatik aurrera. Maratoi erdiko distantzia izango du (21,097 km), eta ibilbidea uneoro kostaldeko errepidetik joango da. Zakila Bira ordezkatzera dator lasterketa berria eta, Urola Kostako Udal Elkartearen babesarekin eta eskualdeko udalen adostasunarekin antolatu da. Horrela, txandaka jokatuko da: aurten Zumaian hasi eta buka, datorren urtean Zarautzen, eta 2019an Getarian.
Gaur Zelai Talasoterapian egindako agerraldian lasterketaren hainbat xehetasun eman dituzte. Zumaiako kiroletako zinegotzi Gotzon Enbil, Kirol Patronatuko gerente Antxon Alberdi eta kirol teknikari Fran Aizpurua, Zarauzko alkateorde Jesus Arana eta Zumaiako Telmo Deun arraun elkarteko presidente Anjel Etxanizek eman dituzte azalpenak. Jesus Aranak azpimarratu duenez, lasterketak kirolari guztiak mimatu nahi ditu: "Balore eta baliabide anitzeko bailara osatzen dugu eta ildo horretan, ezinbestekoa ikusi dugu, guztiok, indarrak batuta, aniztasun eta xarma hori indartuko dituen kalitatezko lasterketa bat antolatu eta korrikalariak mimatzea".
Lasterketaren jatorria
Lasterketa nola sortu den azaldu nahi izan du Gotzon Enbil kirol zinegotziak: "Udaleko teknikariek antzeman zuten beharrezkoa zela Zakila Bira lasterketari nolabaiteko bultzada ematea. Beraiek aztertuta zeukaten lasterketa kostatik egiteko aukera, zumaiarrentzat korrika egiteko gustuko lekua delako; baina antolaketa arazoak ikusten zituzten, hiru herri inplikatzen zituelako. Arazo horiek Udal Elkartean gaindituta, lasterketa berria denon artean eta txandaka antolatzea izan da erabakia. Egokia iruditu zitzaigun ibilbide hori ardatz izango duen lasterketa bailara mailan antolatu eta sustatzea, modu honetara ere, gure kostaldea eta gure bailara indartu eta ezagutzera emanez".
Ibilbidearen nondik-norakoak:
Beheko plazan hasi eta bukatuko da lasterketa. Getariarantz abiatzeko, Patxita Etxezarreta kaletik joango dira, eta Zubiaunditik igarota errepidera aterako dira. Getarian oraindik ez dago erabakita portutik sartuko diren edo errepide nagusitik jarraituko duten. Horren arabera, Zarautzen ere itzuli luzeagoa edo laburragoa egingo du lasterketak, maratoi erdiaren 21,097 kilometroak osatzeko. Zumaiara bueltan, Gernikako parketik sartuko dira, moilatik Arranpla pareraino, gero Erribera kalean sartuko dira eta handik Beheko plazako helmugara.
Getarian eta Zarautzen korrikalariek edateko postuak edukiko dituzte, eta helmugan edatekoa eta jatekoa izango dute. Ehun boluntarioko taldea osatu da bidegurutze guztiak zaintzeko eta lasterketa antolatzen laguntzeko. Gainera, hiru anbulantzia egongo dira, eta lasterketan motozaleak eta txirrindulariak joango dira korrikalariei laguntzen. Erretiratzen diren korrikalariak jasotzeko furgonetak egongo dira.
Lasterketak irauten duen bitartean errepidean trafikoa moztuko da. Zumaia eta Getaria artean, Getariaranzko erreia zabalik egongo da (korrikalariak ezkerreko erraitik joango dira, itsasoaren ondotik); Getaria eta Zarautz artean bi norabideetan moztuko da trafikoa.
Denbora mugari dagokionez, bi ordu eta erdiko tartea emango da 21 kilometroak osatzeko.
Parte hartzaileak eta sariak
Hamasei urtetik gorako korrikalariek har dezakete parte lasterketan. Goi mailako korrikalariez gain, kirolari herrikoien parte hartzea bultzatu nahi dute antolatzaileek, gaur azaldu dutenez. Eta aniztasun funtzionala duten kirolariei ere ateak zabaldu dizkiete.
Sariei dagokienez, maila nagusiko bi irabazleek mila euroko saria jasoko dute, txapela eta Keixetak egindako garaikurrarekin batera. Gazte mailako eta beteranoen kategoriek ere izango dute sari berezia. Eta eskualdeko eta Udal Elkartea osatzen duten herri bakoitzeko onenak ere sarituko dituzte.
Urtero elkarte bat omenduko du lasterketak. Aurten Zumaiako Nagusilan boluntario elkarteak jasoko du omenaldia.
Eguneko ekintza egitaraua
Korrikalarientzat bakarrik ez, haiekin batera datozen senide eta lagunentzat, bisitarientzat eta herritar guztientzat ekintza osagarriak antolatu dituzte, eguna borobiltzeko. Eguerdian estropada bat jokatuko da eta parrillan prestatutako hegaluzea dastatzeko aukera izango da. Arratsaldean, lasterketa abiatzen denetik aurrera, Zumai txarangak alaituko ditu herriko kaleak. Sari banaketa 19:15ean egingo da, Beheko plazan.
Estropadak
Goizean jokatuko den estropadaren berri eman du Zumaiako Telmo Deun Arraun Elkarteko presidente Anjel Etxanizek. "Dinamika bizia" izango duen estropada iragarri du. Zumaia, Getaria, Zarautz eta Orioko gazte mailako arraunlariek hartuko dute parte, trainerilletan. Moilaberriko zubitik kirol portuaren pareraino joan-etorria egingo dute, 500 metroko ibilbidea. "Esprint moduko kanporaketak jokatuko dituzte, denek denen kontra, binaka.Txanda bakoitzeko irabazleak bi puntu lortuko ditu eta bigarrenak puntu bat. Puntuak batu eta bi onenek bandera izango dute jokoan eta beste biek hirugarren postua".