Irailaren 19an, pasa den asteartean, eguerdiko ordubatak aldera, lurrikara bortitz batek astindu zuen Mexiko Hiria. Egun horretan gainera, duela 32 urte gertatu zen beste lurrikara erraldoi baten urteurrena ospatzen ari ziren. “1985eko lurrikararen omenezko simulakro bat egin genuen unibertsitatean. Ikasle bakoitza kokatuta zegoen eraikinetik kanpora irten zen. Gauza oso lasaia eta ordenatua izan zen”, aipatu du. Klaseak amaitu eta metroa hartzera joan zen. Hantxe harrapatu zion lurrikarak. “Txartela eskutan nuela harrapatu zidan mugimenduak, baina tren estazioan sartu aurretik sumatu nuen, eta bertan geunden denak atera ginen”, gogoratu du. Lurrazaletik entzun zuen lurrikararen dardara eta soinua. “Beldurra pasa nuen, eta jende guztiaren aurpegian ere beldurra sumatzen zen. Askok negar egiten zuten”, jarraitu du.
Etxera iristeko ez zuen lan xamurra izan Astigarragak. Kaosa zen nagusi eta hiri guztia elektrizitaterik gabe gelditu zen. Ez metrorik, ez semafororik... Jende guztiak etxera joan nahi zuen eta bertako kamioak (autobus-furgoneta antzekoak) bete-beteak zeuden. “Trafikoa zuzentzen kaleko saltzaileak jarri ziren, eta eskerrak! Azkeneko momentuan metroko linea bat martxan jarriko zutela esan zuten, eta justu nire etxe inguruan dago linea horretako geltoki bat. Orduan kamioian joan behar izan nuen beste metro estazio batera eta handik trena hartu etxera bueltatzeko. Normalean ordubetean egiten dudan bidaia, egun hartan hirutan egin nuen”, kontatu du.
Erreskate lanak
Astigarraga hiru lagunekin bizi da Mexiko Hirian. Bati unibertsitatean harrapatu zion lurrikarak eta beste biei etxean. Guztiak etxean elkartu zirenean bolondres talde batekin elkartu eta erreskate lanetan laguntzera joan ziren gau hartan bertan. “Lehendabiziko gau hartan kaltetutako guneetara botikak, janaria eta beste baliabide batzuk azkarrago iristeko asmoarekin, giza katetan hartu genuen parte. Horretaz gain, janaria kudeatzen ere lagundu genuen”, kontatu du. Gune horietara polizien kotxeetan joan ziren eta baita bertako pertsonen autoetan. “Esperientzia bezala oso aberasgarria izan da, baina gogorra era berean”, adierazi du.
Hondamendi honen aurrean Mexiko osoa elkartuta dagoela nabarmendu du Astigarragak. “Estatuko baliabide asko ez dira gune guztietara iristen, eta beraz, boluntarioen lana oso garrantzitsua da. Izan ere, hainbat tokietara laguntza ematen saiatzen ari dira. Gainera esan digutenez, Estatuko baliabide ia denak Mexiko Hirian zentratu dira eta kaltetuak dauden herri askotara ez dira laguntzak iritsi”, azpimarratu du.
Momentu honetan Queretanoko estatuan aurkitzen da Astigarraga beste lagun batekin. “Mexiko Hiritik irteteko aholkatu gintuzten. Kaosa handia da bertan eta lo ere ez genuen egiten. Hemen lasaiago gaude, nahiz eta erreplika batzuk egon diren”, kontatu du. Asteazkenean hasiko dituzte berriro ere klaseak unibertsitatean. “Klaseak bertan behera gelditu ziren eraikinen egoera zela eta, hala ere esan digutenez ez omen daude hain gaizki, eta ikasle asko haserre dira horregatik”, esan du.