Ai Ama ontziak irabazi du Olarru Cup bela txapelketa

Baleike 2017ko urriaren 2a

Ai Ama ontziko Xabin Olaizola eta Salva Manterola, klub nautikoko komodoroarekin

Larunbatean amaitu zen 2017ko Olarru Cup bela txapelketa. Egun horretan jokatu zen 13. proba. 4,8 itsas milia egin behar izan zituzten belaontziek, eta baldintzak onenak izan ez baziren ere –olatu handiak, euria eta 15 korapiloko haize boladak izan zituzten– 11 belaontzik hartu zuten parte.

Haizea indartu zen proban zehar eta ontziek abiadura handia hartu zuten. Hori dela-eta, uste baino azkarrago heldu ziren helmuga puntura. Mintaka ontzia izan zen azken proba honetan azkarrena.

Guztira hogei belaontzik hartu dute parte aurtengo Olarru Cup txapelketan eta irabazlea Ai ama ontzia (J 29 S) izan da, 12 punturekin. Bigarren Mastabakarra (Jeanneau Sun Fast 31) izan da, 28 punturekin, eta hirugarren Arriero (Beneteau First 40.7) 44 punturekin.

Antolakuntzak eskerrak eman nahi dizkio Marina Urola, Euskadiko Kirol Portuak (EKP) eta One Sailsi 13 proba hauek egiteko emandako laguntzagatik.

Belaontzi batean konpetitzeko gogoa dutenei Zumaia-Getaria XXI. Neguko Ligan parte hartuko duten ontziren batera igotzeko gonbitea luzatzen diete antolatzaileek. 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide