Euskal kostaldeko geologia ezagutzeko mapa sortu du Geoparkeak

Baleike 2017ko urriaren 3a

Zumaia eta Mutriku arteko labarretako flyscha aski ezaguna da azken urte hauetan egindako dibulgazio lanari esker. Baina, euskal kostaldean flyscha al da nagusi? Edo beste formazio geologiko gehiago aurki ditzakegu Lapurdiko, Gipuzkoako eta Bizkaiako kostaldean? Galdera horiei erantzun nahian, Euskal Kostaldeko Geoparkeak eta Baionan egoitza duen CPIE erakundeak proiektu komun bat sortu dute, Euskal kostaldeko geologia sinplifikatua izeneko mapa geologikoa hain zuzen ere.

Euskadi-Akitania mugaz haraindiko programaren baitan kokatzen da bi erakunde hauek aurrera eramandako proiektu hau. “Programa honen baitan CPIE elkartearekin bildu ginen. Hauek Hendaia eta Donibane Lohizune artean hainbat ekimen egin dituzte urteetan zehar eta han egiten dituztenak guk hemen egiten ditugunaren oso antzerakoak dira: naturaren babesa, hezkuntza sustatzea ikastetxetan, irteerak egitea, etab. Beraiek ere gurearen antzerako flyscha dute eta ikusi genuen bazegoela zerbait batera egiteko aukera”, azaldu du Asier Hilariok, Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifikoak. “Programa horren baitan proiektu piloto txiki hau egiteko aukera izan dugu, euskal kostalde osoko mapa geologiko osoa egitea, hain zuzen ere, Miarritzetik Bilbora bitartekoa”.

Euskal kostaldearen %75 inguru flysch motako arrokek osatzen dutela dio Hilariok, baina, mapa barrualdean ere sartzen denez, beste fenomeno geologiko batzuk ere hartzen ditu: formazio bolkanikoak, arrezifeetako kareharriak, etab. “Mapa honen helburu nagusia kostaldeko geologia ulertzen laguntzea da”.

Geologoaren esanetan, mapa honek badu merito handi bat eta da Iparraldean eta Hegoaldean zeuden mapa geologikoak batu izana. “Unitateak mugaren alde batean edo bestean ez ziren berdinak. Aro geologikoak ere modu desberdinean zatitzen dituzte alde batean edo bestean. Teknikoki zailtasuna izan dugu bi sistema hauek bateratzen eta hori ere bada meritua”.

Azalpen guztiak hiru hizkuntzatan ematen dira: euskaraz, frantsesez eta gazteleraz. “Mugaren bi aldeotan zer ditugu komunak: flyscha eta euskara. Azalpenak oso hizkera errazean egindakoak dira eta planoak guk hemen erabiltzen ditugunak, publiko oroko batera heltzeko”, nabarmedu du Hilariok.

Izan ere argitalpen hau ez da mapa geologiko batera mugatzen; ikuspuntu geoturistikoa ere kontutan hartu dute. “Geologoetzako baliagarria den mapa da, baina baita publiko oroko batentzako ere”.

Maparen atzealdean euskal kostaldeko hamabi lekuren berri ematen da, herrialde bakoitzeko launa. Bidarteko hondartza, Zumaiako flyscha, Barrikako tolesdurak, eta, horrela, interes geologikoa duten beste bederatzi puntu. “Inteses geologiko handia duten lekuak dira, baina, baita, heltzeko errazak eta bistarako atseginak ere. Horien bidez kostalde osoaren geologia ondo azaltzen da”.

Pedagogian sakonduz

Geoparkeak eta CPIEk elkarlanean egindako proiektu honek hezkuntza ere kontutan hartu du. Hala, pasa den maiatzean, Lapurdiko eta Gipuzkoako gidariak elkartu ziren bi egunetan bakoitzaren sistemak ezagutzeko. Bai Baionan, baita Zumaian ere, unitate didaktiko bana sortu dituzte mapa honen inguruan. Ekainean, Baionako Bernat Etxepare lizeoko eta Zornotzako Lauaxeta ikastolako ikasleak egun batean Hendaiara eta hurrengoan Zumaiara eraman zituzten. Taldetan nahastuta, ikasle hauek leku bakoitzeko unitateak landu zituzten. “Jarraipen naturala mapan agertzen diren beste lekuetan ere antzerako unitateak sortzea izango litzateke, eta baita programa bat sortzea ere euskal kostaldeko geologia ulertzeko”.

Mapa geologiko hau Mutrikuko, Debako eta Zumaiako turismo bulegoetan aurki daiteke, eta, baita, Zumaiako Algorri interpretazio zentroan ere. “Geoparkeko herrietako ikastetxeetara bidali dugu eta orain Gipuzkoa osoko eskoletan ere banatuko dugu”, gaineratu du.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide