Galdutako mailak berreskuratzea da Pulporen helburua

Baleike 2017ko urriaren 5a

Azken bi denboraldietako jaitsierei buelta ematea da aurten Pulpo eskubaloi taldeak bere buruari jarritako erronka. Mutilen kadete eta jubenil taldeek Euskal Ligara igotzeko ahalegina egingo dute, eta senior mailako taldeak Territorialetik Bigarren Mailara igotzea du helburu. “Ez da erraza izango, baina ahalegin guztia egingo dugu helburuak lortzeko”, dio Pulpoko kirol arduradun Xabier Letamendiak.

Kadete eta jubenilak Euskal Ligara igotzea lehentasuna da klubarentzat. Duela bi denboraldi galdu zuten maila eta iaz bost goleko aldeagatik ez zuten lortu igoera. “Gure lekua Euskal Ligan dagoela uste dugu eta aurten horren bila joango gara hasieratik. Iaz ikasi genuen denboraldi hasieratik serio aritu behar dela, denboraldi amaieran dena izan daitekeelako erabakigarria, jubenilei falta izan zitzaizkien bost gol haiek adibidea”. Gipuzkoako Txapelketan lehenak gelditzea da lehen urratsa, gero igoera fasea jokatzeko Bizkaia eta Arabako onenen kontra.

Seniorren kasuan, azken bi urteotako jaitsieri bueltan ematen hastea da klubaren nahia. “Bi urtez jarraian mailaz jaitsi gara, eta koska bat gora egin nahi dugu. Badakigu, dena den, ez dela erraza izango. Territorialean jokalari beterano asko dago, jokoa gogorra izaten da, eta gure jokalariak oso gazteak dira. Denboraldiko aurreko partidetan ondo ibili gara, baina igandetik aurrera [Oñati dute denboraldiko lehen partida] lortu behar dira emaitzak”. Azken orduko albiste txarra ere izan dute seniorrek: Ander Olaizolak lehiaketako kirola utzi behar izan du, medikuek  hala aholkatuta. Jokalari funtsezkoa zen Olaizola taldean. “Baja oso inportantea da, baina osasuna dago aurretik. Dauzkagun jokalariak oso ondo ari dira entrenatzen eta denon artean aterako dugu taldea aurrera”.

Neska gehiago klubean

Senior mailako nesken talderik ez da izango aurten, baina azken urteotako joera da beheko taldeetan neska gehiago daudela mutilak baino. Gainera, jubenil eta kadete mailako nesken taldeek Euskal Liga jokatuko dute aurten. “Mailari eusteko gai izango garela uste dut. Are gehiago, helburua da aurrean ibiltzea eta, ahal bada, Espainiako Txapelketako lehen fasera sailkatzea”.

Aurten 300 bat jokalari arituko dira Pulpoko 16 taldeetan (12 federatuak eta beste lau alebin mailakoak). 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide