Sendian programa, menpekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzaileei zuzendutako egitasmoa da. Programak helburu du zaintzaileari laguntzea, indartzea eta egiten duen zaintza hobetu eta aitortzea. Programaren zereginetako bat formakuntza saioak eskaintzea da, eta hain zuzen, bi astez, menpekotasun egoeran dauden pertsonen egoera zailak maneiatzeko ikastaroa eman du Silvia Camio psikologoak.
Guztira 10 bat pertsona izan dira tailerrean, eta aurrez programatutako gaiez hitz egin arren, bakoitzaren esperientziak, arazoak eta egonezinak landu dituzte. “Lehenengo saioan galdera bat esan nien: Zainketa lanetan zein egoera egiten zaizue zailena?”, aipatu du. Hortik abiatuta, bakoitzaren beharrak erantzutea izan da Camioren lana.
Pertsona bakoitzak bere egoerak kontatzen ditu saioan, baina horietako hainbat, kasu askotan, errepikatu egiten dira. “Batez ere zailtasun fisikoak dituzten pertsonen egoerak azaltzen dira, izan ere, autonomia eta mugimendua galdu egiten dute. Horretaz gain, dementzia dituzten pertsonen adibideak ere asko dira”, kontatu du.
Bi motatako gaixoak bereizten dira: bere burua utzi edo abandonatu eta ondorioz, laguntza gehiegi eskatzen dutenak, eta, aldiz, dena egin ahal dutela pentsatuz, laguntza ukatzen dutenak. Adinaren faktorea ez da hain ezinbestekoa gaixotasuna areagotzeko. Camioren ustez, “zahartzaro aktibo eta partehartzailea duen jendea dago. Baina estatistikak hor daude eta 85 urtetik aurrera gaixotasun fisikoen eta dementziakoen tasa igo egiten da”.
Laguntza eskatzea beharrezkoa
Funtzio kognitiboen galera izaten da orokorrean arazo nagusiena, eta hori lantzeko hainbat gai jorratu dituzte, hala nola, lo egiterakoan arazoak, egonezina, desinhibitzea... “Interneten doan aurkitu ditzaketen material batzuk erakutsi dizkiet. Memoria estimulatzeko eta beste funtzio kognitibo batzuk lantzeko oso aproposak dira. Horrela, gaixoa estimulatuta dagoen heinean, errealitatearekin hobeto konektatzen du eta gutxitu egiten dira trastorno eta jarrera desegokiak”, adierazi du.
Egoera zailetan aurrera egiteko errekurtso hauek oso baliagarriak dira zainketa lanetan diharduten pertsonentzat, normalean familiartekoak izaten baitira. Zumaiako ikastaroaren kasuan, hamarretatik zortzi gaixo daudenen alabak dira, beste bat semea da, eta azkena emaztea. “Zainketa lanak familiartekoek egiten dituztenean, emozioak asko azaleratzen dira. Izan ere, ikusten dute pertsona hori ez dela ezagutu dutena. Hau da gehiena kostatzen dena. Azkenean rol aldaketa bat gertatzen da, alaba edo semea pasatzen da gurasoak zaintzera eta zaila da aldaketa hori onartzea”, kontatu du.
Emozioen gestioa ere lantzen den zerbait da. Zaintzaileen erruduntasun edo gaixoa abandonatzearen sentsazioa asko ateratzen den gaia da. ”Bere burua ere zaindu behar dute, eta denbora hartu beraientzat. Horrekin batera gustatzen zaizkien aktibitateak egiten jarraitzea gomendatzen diet”.
Normalean, emakumezkoak dira zaintza lanetan ibiltzen direnak. Hala ere, pixkanaka aldatzen ari den kontua dela nabarmendu du Camiok. “Amaginarreba inplikatzea oso tipikoa da adibidez. Badirudi emakumeek genetan daramagula zaintzaren kontua”, aipatu du.
Laguntza eskatzeko prest izan behar garela ere aholkatu du. "Familian ardura egon behar da. Hitz egin, bilerak antolatu eta konpromisoa hartu. Guztion arteko lana da, eta zainketan gidaritza ematen duenak laguntza behar badu, eskatu egin behar du".