Olatu handien Punta Galea Challengeren XII. edizioa Big Wave Tour (BWT) munduko zirkuitutik kanpo egingo da aurten. Txapelketaren itxarote-epea igandean hasiko da, eta datorren urteko martxoaren 31a arte luzatuko da. "Luzapen honi esker, proba ospatzeko aukerak handitu egingo dira, izan ere, azken bi edizioak bertan behera gelditu ziren ez zirelako baldintza egokienak eman", adierazi dute antolatzaileek.
Guztira, 24 parte hartzaile izango dira, eta sei pertsonez osatutako lau mangetan banatuta lehiatuko dira lehendabizi, eta ondoren, finalaurrekoa eta finala jokatuko dira. Parte hartzaileetatik erdiak nazioarteko surflariak izango dira, eta beste erdia, aldiz, euskaldunak. Tartean izango da Imanol Yeregi zumaiarra, eta baita esaterako, Aritz Aranburu zarauztarra ere.
Urte bikaina burutzen ari da Yeregi. Iraila bukaeran Euskal Herriko Txapelketa irabazi zuen Sopelan, eta maiatzean Munduko Surf Txapelketan lehiatzeko aukera izan zuen Biarritzen.