Gaur goizean Urola Kostako Udal Elkartean aurkeztu duten komunikazio kanpainan izan dira Igor Iturain, elkarteko lehendakaria, Alex Oliden (EH Bildu), Ana de Benito (Irabazi), Jesus Arana (EAJ) eta Patxi Elola (PSEE-EE) zinegotziak.
Hurrengo urtearen hasieran martxan jarriko den zabor bilketa sistema berriaren aurkezpena izan dute hizpide. Igor Iturainek aipatu duenez, sistema berriaren osaketa azken urteetan herriz herri egin den lanketa baten ondorioa da. Hala, 2016ko abenduaren 1ean, Udal Elkartea osatzen duten alderdi politiko guztien babesarekin, Zuzendaritza Batzordeak aho batez onartu zuen zabor bilketa mankomunatzeko eta sistema berria sortzeko akordioa. “Denok bide berean goaz, eta hain zuzen, kanpainaren markak, BAGOAZZ-ek, hori iradokitzen du”, esan du Iturainek.
Akordioak sistema berriaren jaiotza ekarri du, eta aldaketa nagusien artean, organikoak eta errefusa biltzeko edukiontziak irekitzeko txartel bat izango da. Gainera, 24 orduan erabiltzeko aukera izango da.
Bestetik, ostalariek, dendariek eta enpresek gaikako bilketa zerbitzua izango dute. Hau da, puntuz puntu jasoko zaie zaborra, eta hau izango da banaketa: organikoa, papera-kartoia eta errefusa. Komertzioei astean sei egunez eskainiko zaie zerbitzua, eta ostalariei, zazpi egunez.
Enpresa handien kasuan, zabor banaketa horrela izango da: organikoa, errefusa, ontzi arinak, egurra, kartoia eta plastiko filma/poliespana.
Azkenik, landa eremuan, ekarpen gune berriak sortuko dira, eta eremu horiek edukiontzi guztiekin hornituko da.
“Sistema honekin birziklatze-tasa handitu nahi da. Gaur egun Urola Kostako eskualdean %40 sailkapen-tasa daukagu. Ez gara okerrenak, baina baxua da. Horregatik, anbizioarekin jokatu behar dugu, eta gure helburua 2018an %60eko birziklatze-tasa izatea da, hala, 2020an %75era iristeko”, adierazi du.
Sistema berria otsailaren 1etik aurrera jarriko da martxan Aia, Orio, Getaria, Zarautz eta Zumaian. “Zerbitzu berriak gure egunerokotasunean aldaketak eragitea ekarriko du, baina gu prest gaude. Sistema perfektua ez dugu planteatzen baina iruditzen zaigu egokia izan daitekeela”, gaineratu du. Zerbitzua FCC-Serbitzu enpresek osatutako UTE-ak egingo du.
Kanpaina koloretsua
Udal Elkartearen lehen helburua herritarrak kontzientziatu eta sentsibilizatuko dituen kanpaina abiatzea izan da. Horretarako, BAGOAZZ izeneko marka sortu dute; eskualdea osatzen duten herri guztiei erreferentzia eginez (Getaria, Orio, Aia, Zarautz eta Zumaia). Terminoaren ondoan, norabide bakarra adierazten duen koloretako gezia agertzen da. Bost kolorez osatutako gezia da, eta aukeratutako koloreek herri bakoitzeko kolorea irudikatzen dute.
Gaur martxan jarri den komunikazio kanpainak lau fase izango ditu.
1) Sentsibilizazioa: gaur hasi eta abenduaren 1a bitartean.
2) Informazioa: abenduaren 1etik urtarrilaren 22ra.
3) Ezarpena: urtarrilaren 22tik otsailaren 1era arte.
4) Jarraipena: otsailaren 1etik aurrera.
“Sentsibilizazio kanpaina modu alaian, koloretsuan eta positiboan egin nahi izan dugu. Orain arte zaborraren gaia korapilatsua eta iluna izan da, eta beste ikuspuntu bata eman nahi diogu”, esan du kanpainako arduradunak.
Gainera, kanpaina, modernizatu hitzaren lelopean jarri da abian, egungo birziklatze tasa handitzearen guztion bete beharra dela adierazteko, eta bestelako jarrerak beste garai batekoak direla nabarmentzeko. “Oraina eta etorkizuna era moderno batean bizi behar dugu, gaur egungoa izan behar gara, modernoak. Ez dago beste biderik” amaitu du.