Turismo Planaren lehentasunak adosteko bigarren lan saioa deitu dute

Baleike 2017ko azaroaren 6a

Hainbat eragile eta herritar ari dira parte hartzen Zumaiako turismo eredua zehazteko prozesuan. Lehentasunak ezartzeko bigarren lan saioa egingo dute ostiralean.

Azken bizpahiru urteotan turismoak hartu duen indarra ikusita, zumaiarrak arduratuta agertu dira aurrera begira izan dezakeen bilakaerarekin. Gehienek begi onez ikusten dute bisitarien ekarpena baina, aldi berean, kezka azaldu dute turismoak eragiten dituen eragozpenen aurrean; hala nola, jende saturazioa, aparkaleku gabezia edota ingurumenarekiko errespetu falta.

Hala dio Translokal enpresak Zumaiako Udalarentzat herritarren artean egindako inkestak. Turismo Plana idazteko lan prozesuaren abiapuntua izan zen inkesta hura. Bakarkako 108 elkarrizketa egin zituzten ondoren; eta, azkenik, lan saioak antolatu dituzte ideia eta kontzeptu nagusiak taldeka eztabaidatu eta adosteko. Irailaren 12an egin zen lehen lan saioa eta ostiralean egingo dute bigarrena. Saio hauetan jasotako lehentasunak izango dira Turismo Planaren oinarria.

Irailaren 12an Alondegian egin zen lehen lan saioan 71 lagunek hartu zuten parte, zazpi lan taldetan antolatuta. Turismoari dagokionez, Zumaiak duen erronkarik handiena esaldi batean laburbiltzea izan zen egin beharreko lehen lana. "Bertakoen ongizatea eta turistekiko elkarbizitza bermatuko diruen plangintzaren" beharra azpimarratu zuten gehienek, "bertako nortasuna eta kultur ezaugarriak" balioan jartzeaz gain.

Herrritarrei egindako inkestan eta bakarkako elkarrizketetan azaldutako gai nagusiak garrantziaren arabera antolatu zituzten ondoren. Taldeka landu eta adostu zuten aurrena eta, puntuaketa guztiak batuta, hurrenkera honetan gelditu ziren hamar bektoreak, garrantzitsuenetik hasita: elkarbizitza; ekintzailetasuna (zein turismo eredu nahi dugu bideratu); tokiko sentimendua; kultura-ekosistema; tokiko ekonomia (paisaiaren eta naturaren arautzaile gisa); Geoparkea; gobernantza turistikoa; helmuga turistiko adimentsua; posizionamendu geografikoa; teknologia berriak.

Azken lan saioa

Ostiralean egingo dute taldekako bigarren eta azken lan saioa, Alondegian. Aurreko saioan adostutako lehentasunetatik abiatuta, bost proiektu garatuko dituzte: ondarea eta identitatea; espazio turistikoaren kudeaketa; turismoaren inguruko jarduera ekonomikoen aktibazioa; gobernantza; eta azpiegiturak. Lanketa hori egin ahal izateko, hainbat ardatz hartu beharko dituzte kontuan; besteak beste, bideragarria den edo ez; nola gauza daitekeen; lehen prototipoaren ezaugarriak, nork egin dezakeen... Jasotako emaitzekin, Zumaiako Turismo Planeko ekintzak zehaztea izango da hurrengo urratsa.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide