Esperimentaziorako gune bilakatu zen atzo Gaztetxea

Baleike

Ohikoan entzuten ditugun musiketatik urrun egon zen atzo Torreberri Gaztetxean izandako proposamena. Free jazz, noise, inprobisazioa, esperimentazioa, zarata... Zaila da han entzundakoa hitz bakarrarekin katalogatzea. Perkusioarekin lotutako esperimentazioa izan zen atzo hiru proiektuek eskaini zutena.

Leinaden saioarekin hasi zen kontzertua. Dani Txonperen proiektu pertsonala da hau. Bateria, baxua eta pedalak erabiltzen ditu proposamen honetarako. Saio laburra bezain txundigarria eskaini zuen.

Umbagong proiektuaren txanda izan zen jarraian. Azkoitia-Bilbo-Txile konexio hau bi bateriaz eta txelo batez osatzen da. Free jazzetik hurbil egon zen pieza bakarra eskaini zuen bertaratutako asko aho zabalik utziz.

Amaitzeko, Helved Rüm frantziarren saioa izan zen. Bi kidek osatzen dute proiektu hau: bata bateria eta arpa antzerako tresna batekin, eta bestea aparatu elektronikoekin. Esperientzia bortitza izan zen, askotan noise musikatik hurbil izan zena. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide