Euskadiko III. Geodibertsitate Jardunaldiak egingo dira asteazkenetik ostiralera Zumaian

baleike 2017ko azaroaren 20a

Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkeak Euskadiko III. Geodibertsitate Jardunaldiak hartuko ditu etzitik aurrera. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak eta Geoparkeak elkarlanean antolatuta, EHUren eta Euskal Geologoen Elkargoaren laguntza zientifikoarekin egingo dira. Dagoeneko 120 partaide baino gehiagok eman dute izena.

Azaroaren 22an hasi, eta ostirala bitarte, Euskadiko III. Geodibertsitate Jardunaldiak egingo dira Zumaian. “Guretzat oso garrantzitsua da Eusko Jaurlaritzak gu aukeratzea antolatzaile moduan. Erronka polita dugu”, aipatu du Leire Barriuso, Euskal Kostaldeko gerenteak. Irekiera ekitaldia asteazkenean egingo da, 09:30ean, Aita Mari zineman. Bertan izango dira Oier Korta alkatea, Geogarapen Elkarteko presidente eta Debako alkate Pedro Bengoetxea, eta Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendaria, Aitor Zulueta.

Euskadiko III. Geodibertsitate Jardunaldiak '2020 Geodibertsitate-estrategia' markoaren barruan sartzen dira, eta hain zuzen, 2014an aurkeztu zen estrategia hori Zumaian. “Hiru urte hauetan estrategian finkatutako hainbat ekintza burutu dira, baina oraindik gauzak daude egiteko. Lan horietan gabiltzanak ezagutu, eta estrategiari bultzada ematea da gure nahia”, adierazi du.

Jardunaldien ardatza geoturismoan eta hezkuntzan jarriko da. Izan ere, geodibertsitatea, osagarri edo elementu bereizgarri izan daiteke bi esparru horietan aukera berriak sortuz eta gure lurraldea erakargarriagoa eginez. Era berean, gure ondare naturalaren kudeaketak ondare geologikoa ere lan-arlo gisa barne hartzea bilatzen dute jardunaldiek.

Lehenengo egunean hainbat hitzaldi izango dira, 10:00etan hasita, Aita Marin. Hitza hartzen lehena izango da Luis Carcavilla, IGMEko Ondare Geologikoa Ataleko ikertzailea, geokontserbazioaren arloan mundu mailako sona duena. Ondoren, Asier Hilario geologian doktore eta Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifikoaren txanda izango da EAEko GIGen inbentarioa. Galdu ezin ditugun puzzle-zatiak hitzaldiarekin.

Kafearen ondoren, EAEko GIGen (Geologia Mapa eta Interesguneak) mugen definizioari buruzko hitzaldia eskainiko du Arantza Bodego geologoak eta EHUko irakasleak. Haren atzetik hartuko du hitza Javier Moreno Eusko Jaurlaritzako abokatuak, GIGen marko arauemailea eta lurralde-plangintza azaltzeko. Jardunaldia ixteko Gorka Arana Eusko Jaurlaritzako Ingurumen teknikariak EAEko Geodibertsitate-estrategiaren lerro nagusiak hitzaldia eskainiko du.

Mahai-teknikoak

Osteguneko saioan, geoturismoan eta hezkuntzan dabiltzan agenteekin osatutako mahai-teknikoak osatuko dira, Alondegian. “Alor hauetan erreferente eta lan egiten dituzte profesionalak batzea da helburua, eta bide batez, elkarlanerako topagune bihurtzea. Lan-taldeak 20-30 lagunez eta moderatzaile batekin osatutakoak izango dira. Gai zehatz batzuk landuko dira, eta ondoren, dena txosten batean jasoko da. Dokumentu hori Eusko Jaurlaritzan aurkeztuko dugu eta zenbait gako izango ditu. Adibidez, nondik nora goazen, zein den bakoitzaren errealitatea, etorkizunera begira administrazioaren papera zein izan daitekeen, gure ahuleziak eta indarguneak zeintzuk diren...”, adierazi du. Geoturismoaren gaia goizean landuko da, 09:00etatik 12:00etara, eta hezkuntzarena, aldiz, arratsaldean, 13:00etatik 16:00etara.

Ostiralean, hilaren 24an, Geoparkeko interesgune nagusiak ezagutzeko irteera gidatua egingo da 09:00etatik 15:00etara. “Geoparkearen kudeaketa, erabilera didaktikoa eta turistikoa azalduko ditugu. Gainera, Zumaia, Deba eta Mutriku ezagutuko ditugu”, aipatu du.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide