Bihartik ostirala bitartean, Emakundek utzitako autobusean jarriko da Berdintasun Gunea. Autobusean, 09:00etatik 13:00etara, Zumaiako ikastetxeetako eta Soldadura eskolako ikasleekin tailerrak emango dira. Tailerren helburua gazteen artean sentsibilizazio kanpaina egitea da eta horretarako gai baten inguruan hitz egingo dute, hain zuzen, Jaietan ere nire erabakiarekin aurrera beti!.
Bihar goizean, zehazki, Herri eskolaren ondoan egongo da autobusa (Aitzuriren aurrean). Baina ostegun goizean, Beheko Plazan izango da, Soldadurako eskolarekin tailerra egingo delako 11:15ean.
Ostiral goizean, berriro, Aitzuriren aurrean egongo da 11:00ak arte, eta 12:00etarako Eusebio Gurrutxaga plazan egongo da.
Arratsaldetan hitzaldiak eta mahai inguruak
Azaroaren 22an, 23an eta 24an, arratsaldero, hitzaldiak eta mahai inguruak izango dira Beheko plazan kokatuta egongo den Berdintasun Gunean. Bihar esaterako, Zumaiako emakumeen etxea eraikitzen mahai ingurua izango da euskaraz,18:30ean. Gonbidatu bereziak egongo dira: Donostiako eta Eibarko Emakumeen etxeetako kideak.
Hilaren 23an, Aholkusex zerbitzuaren gidaritzapean, Si de verdad quieres pelikula ikusi eta, ondoren, solasaldia egingo da. 18:00etan hasiko da emanaldia.
Azkenik, ostiralean, Malen etxeak antolatutako hitzaldia izango da, 18:30ean. Indarkeriarik gabeko bizitzarako eskubideak ezagutzearen garrantziaz mintzatuko dira.