'Organoak plazara' ekimena larunbatean izango da Zumaian

Baleike 2017ko azaroaren 22a

Gipuzkoan organoaren inguruan dagoen ondarea eta horren balio musikala eta historikoa sustatzeko, Musikene eta Aldundiaren arteko hitzarmena da Organoak plazara ekimena. Hainbat herritan organoaren inguruko jarduerak antolatu dira, eta Zumaian, larunbatean izango da San Pedro Parrokiko organoa ezagutzeko bisita gidatua, eta Iñigo de Peque organistaren kontzertua.

Aldundiko Kultura Departamentuak, eta Musikene, Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegiak, hitzarmen bat sinatu dute Gipuzkoako Organoak Plazara programa gauzatzeko eta, horrela, Gipuzkoako organo ondarea zaintzen eta ezagutzera ematen laguntzeko. Horretarako, Aldundiak 15.000 euro ordainduko dizkio Musikeneri. Denis Itxaso Kulturako diputatuak eta Miren Iñarga Musikeneko zuzendari nagusi eta akademikoak sinatu dute hitzarmena.

Azaroaren 15ean hasi zen programa Donostian, eta Gipuzkoako hainbat herrietatik igaro ostean, larunbatean Zumaian izango da. Hala, 11:30ean hasita, San Pedro Parrokiko organoa ezagutzeko bisita gidatua egingo da lehendabizi. Ondoren, entzunaldia izango da Iñigo de Peque organistaren eskutik.

Autobus zerbitzua Donostiatik

Bisita gidatura eta entzunaldira etorri nahi duenak, Donostiatik doakoa izango den autobus zerbitzua izango du (ez da beharrezkoa izen ematea). 09:30ean aterako da Gipuzkoa plazatik, eta jarraian, Musikenen egingo du geldialdia.

Zumaiaz gain, Ataun, Donostia, Orio eta Usurbilen ere antolatu dira ekintzak, hala nola, kontzertuak; tailer didaktikoak; umeei, musika ikasleei eta jendeari, orokorrean, zuzendutako saio dibulgatzaileak; eta organoak ezagutzeko bisitaldiak.

 

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide