Orain bi urte ZUMBek Disney eta Pixarren pelikuletako musikarekin osatu zuen kontzertua da biharko saioko abiapuntua. “Umeei zuzendutako kontzertua zen hura eta pentsatu genuen ez zela gaizki egongo helduentzako antzerako bat egitea”, azaldu du ZUMBeko zuzendari Joxe Mari Azkuek.
Bost pelikulen musika joko dute: Star Wars (John Williams), Braveheart (James Horner), Gladiator (Hans Zimmer), The Lord of the Rings (Howard Shore) eta Robin Hood, prince of the thieves (Michael Kamen). “Hasiera batean asmoa kontzertua John Williamsen obrekin osatzea zen. Baina, bi gauza gertatzen dira: Batetik, bandarako moldatutako Williamsen lanak oso zailak dira, eta, bestetik, askotan tematika oso antzerakoak erabiltzen ditu. Baditu beste mota bateko pelikuletarako egindako musika ederrak, War Horse edo AI, esaterako, baina moldaketak ez dira oso politak”.
Kontzertu ikusgarria izateaz gain (pelikulen irudiak emango dira), pelikulak oso aspaldikoak ez izatea nahi izan dute. Hala, bost pelikula hauek aukeratu ditu. Robin Hooden pelikularekin sorpresa ere izan duela aipatu du Azkuek. “Azken honen musika da gehien harritu nauena; txundigarria da”.
Herritarren hitza
Aurtengo berezitasunetako bat izango da herritarrek bere gogokoena duten obra aukeratzea izango dutela. “Programa banatuko zaie eta han gustukoena aukeratuko dute. Urtean zehar emandako kontzertuetan gustukoenak ateratzen direnekin osatuko dugu sanpedroetako kontzertua.
Bandaren hurrengo kontzertua Gabon garaian izango da, elkartasunekoa. Aurten ere Errefuxiatuen Harrera Taldeari emango diote kontzertuan zehar bildutako dirua.