Antzerki obra honetan, sexualitatea, sentsualitatea, erotismoa, berdintasuna eta umorea nahastuko dira, besteak beste. Etxebizitza bateko bizilagunen istorioak izango dira kontakizunaren oinarri. Gaur, Zigoitian egingo du emanaldia, 19:00etan, Gizarte Etxean. Bihar, Legution izango da, 18:30ean, Kultur Etxean.
Sinopsia
Zortzi solairuetako eraikina. Solairu bakoitzean, bi ate. Pertsona asko dira… Eta istorio ugari… Eta ni belarri finekoa banaiz…? Eta urrutitik arras ongi ikusten badut? Eta mundua ikusteko eta gauzak kontatzeko denbora soberan baldin badut? Ez nuen zelatan egoteko asmorik. Zuen etxea nire aurrean zegoen, besterik ez. Eta nik leihoaren aurrean, eserita, kanpora begira, mundua irudikatzen.. besterik ezin nuenez egin… Manuelaren azalaren usaina jabetu zen nitaz, lehenengo musuen zaporea, iluntasunean ukitzen diren eskuen zirrara, soberan ezaguna den pasio bat berpiztea… Pertsonez beteriko eraikina. Den-dena ikusi eta kontatzen duen emakume bat. Zentzumenen zehar eginiko bidaia…