Estreinaldi bikaina Viveros San Antongo lehenengo urteko kadeteek

Baleike 2017ko azaroaren 23a

Maila estreinatu eta pistan lehen aldiz izateko ezin gehiago eskatu lehen urteko taldeko kadeteei, estreinaldi aparta izan baitzuten Roman Zabaletak, Kimetz Etxabek eta Aitor Agirrek.

Scratch lasterketak korritu zituzten aurrena Bioracer torneoko bigarren jardunaldian kadeteek. Aurten maila estreinatzen dutenentzat zer hitzordua! Eta hainbesteko parte hartzea zegoen, bi multzotan banatu zituztela txirrindulariak. Aitor Agirre eta Kimetz Etxabe, txanda berean ziren eta lasterketa ona egin zuten, nahiz eta inozo jokatu; beren buruak hain ondo ikusi zituzten, alferrik indar asko gastatu zutela eta aurkariei, ondorioz, bentaja eman (itzuli askotan beraiek izan ziren pelotoian erritmoa markatu zutenak). Amaieran Kimetz Etxabe 4. sailkatu zen  eta Aitor Agirre 7. Hauen lasterketa bukatu ondoren Roman Zabaletaren txanda heldu zen eta taldekideen pekatu bera egin arren, 2. bukatzea lortu zuen.

Scratcharen ondoren puntuaketa heldu zen eta berriz ere lasterketaren garapena ulertzen eta aurkariak neurtzen ikasi behar dutela garbi erakutsi zuten. Baina, egokieraz eta indarrez aurrean ibiltzeko hautagaiak direla ere bai. Lasterketaren zati askotan Viveros San Antongo txirrindulariak izan ziren karrera buruan, pelotoiko ardura hartuta. Puntuaketan Roman Zabaleta 5. sailkatu zen bere txandan; Aitor Agirre berriz 4.a izan zen berean eta Kimetz Etxabe 6.

Jardunaldia osatuta sailkapen nagusian Roman Zabaleta 7.a da, Kimetz Etxabe 12.a eta Aitor Agirre 15.a.

Viveros San Antongo-Zumaiako Txirrindulari Elkarteko hiru kadete berriek itxaropenez betetako debuta egin dute eta garrantzitsuena da ikusi dutela maila onean ibil daitezkeela, hasiberriak izateko euren ausardia, kemena eta indarra aintzakotzat hartzekoa izan baita. Gipuzkoako pistako arduradunak ere ohartu ziren hiruren lan onaz.

Junior mailan bigarren jardunaldia ez zen ona izan Antton Tolosarentzat. Zumaiarra ez zen adi izan kanporaketan eta ezin izan zuen arantza atera puntuaketan; pedal kolpea aurkitu ezinda lasterketa utzi zuen, hala ere sailkapen nagusian 18. tokian da Viveros San Antongo junior bakarra.

Asteburu honetan ez da pistako lasterketarik izango, hurrengo hitzordua abenduaren 2an eta egun horretan gainera kadete eta junior guztiak lehiatuko dira.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide