Europako rider onenak bilduko dira gaurtik igandera Itzurungo hondartzan, aurtengo tituluaren bila. Uda partean Portugalen jokatu ziren bi proben ondoren, Zumaiakoa da azkena eta txapelduna erabakiko duena. Alex Urangak aukera ona du garaipena lortzeko, Portugaleko probetako bat irabazi baitzuen. Baina ez da hautagai bakarra izango, Portugal, Frantzia eta Marokotik goi mailako parte hartzaileak etorriko baitira.
2012an antolatu zuen Zumaiako Surf Elkarteak Europako proba lehen aldiz, herriko rider gazteei goi mailan lehiatzeko aukera emateko. "Zumaian badauzkagu gazte asko maila ona daukatenak, baina goi mailako txapelketetan parte hartzea ez da erraza; batez ere haiengan pentsatuta antolatzen dugu, probatzeko aukera izan dezaten", azaldu dute Ziskeko kide Andoni Izagak eta Jon Iñaki Alberdik.
Alex Uranga erreferentzia bikaina da gazteenentzat, baina Ziskeko kideek aitortzen dute Euskal Herrian ez dela erraza bodyboardean bidea egitea. "Hemen bakoitzak egin behar du bere bidea. Portugalen, adibidez, askoz hobeto antolatuta daude, txapelketa asko daude eta lan handia ari dira egiten; guk gure aletxoa jarri nahi izaten dugu txapelketa honekin".
Aurten emakumeen txapelketarik ez da jokatuko Zumaian, eta gizonezkoen junior mailako txapelketa izango da nobedaderik aipagarriena.