Enpresa Euskaraz Handitzen programaren helburua da Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako enpresa txikietan euskararen erabilera sustatzea.
Modu honetan, 10 langiletik behera dituzten enpresak hartu dira oinarri eta zerbitzua eta lana euskaraz eskaintzeko beharrezkoak dituzten tresna eta erremintak eskainiko zaizkie:
- bezeroekiko harremanetarako oinarrizko euskarri eta dokumentuak euskaraz jartzeko laguntza, oinarrizko zerbitzuak euskaraz egoki eskaintzeko
- lana euskaraz egiteko urratsak emateko laguntza eta aholkularitza…
Horretarako, lehenbizi bi saio praktikotan hartu beharko dute parte. Ahize-Aek aholkularitza-etxeak eskainiko ditu saioak eta ondoren laguntza eta aholkularitza indibiduala eskainiko zaie enpresei, erabaki dituzten urratsak ematen laguntzeko. Saio horiek azaroaren 28 eta 29an eta abenduaren 12 eta 13an izango dira.
Udal Elkartearen egoitzan egin zen aurkezpenean izan ziren Udal Elkarteko eta udaletako ordezkariak (Oier Korta Zumaiako alkatea, Jose Angel Zaldua Orioko alkatea, Nekane Iribar Zarauzko euskara zinegotzia, Igor Iturain Udal Elkarteko lehendakaria), Zarautz eta Zumaiako udaletako eta Udal Elkarteko euskara teknikariak eta programa garatzen parte hartuko duten aholkularitza eta komunikazio enpresa, Ahize-Aek eta Eregi.
Parte hartu nahi duten enpresek izena eman behar dute. Informazio gehiago eskuratzeko eta izena emateko, sakatu hemen.