Javier de Andres: “Hondartzarako irisgarritasuna hobetu, eta ingurumenarekiko zainketa handitzea lortu nahi dugu”

baleike 2017ko azaroaren 24a

Datorren urtean exekutatuko den Santiago hondartzako lanak ikusten izan dira gaur goizean Javier de Andres, Espainiako Gobernuko ordezkaria EAEn; Oier Korta, Zumaiako alkatea eta Nikanor Lertxundi, Getariako alkatea, besteak beste. Pozik agertu dira sei hilabetetan egingo diren lanek ekarriko duten onurez.

Santiago hondartzan burutuko diren obraren ezaugarriak eta nondik norakoak ezagutzera etorri dira gaur goizean, besteak beste, Javier de Andres, Espainiako Gobernuko ordezkaria EAEn; Oier Korta, Zumaiako alkatea eta Nikanor Lertxundi, Getariako alkatea. Beraiekin izan dira baita ere, Jose Luis Herrador, Gobernuko ordezkari ordea Gipuzkoan; Teresa Ruiz, Gipuzkoako Kostako ordezkaritzako ingeniaria, eta proiektuko zuzendaria izango den Cristina Maillo.

Proiektua lizitazio egoeran aurkitzen da momentu honetan, eta abenduaren 21etik aurrera, aurkeztu diren proposamenak aztertzeari ekingo diote. Hala ere, martxoa arte ez da jakingo zein enpresak zuzenduko duen obra. Guztira, 1.700.410, 14 euroko aurrekontua izango du, eta proposamen irabazlea enkante bidez aukeratuko da.

De Andresen iritziz, “proiektu potoloa da, eta aurrekontuaren diru kantitateari bakarrik begiratuz ikusten da obraren handitasuna. Hondartzarako irisgarritasuna hobetu, eta ingurumenarekiko zainketa handitzea lortu nahi dugu”.

Egingo diren lanen artean, aparkaleku pareko hondartzako sarbide txikitik tunela bitarteko eremuan pasabide bat egokitzea izango da. Pasabide hori metalezkoa izango da eta bi metroko zabalera izango du. Horretaz gain, tunel ondoko begiratokia egokitu eta handik hondartzara sarbidea errazteko harrizko eskailerak eraikiko dira.

Obraren egikaritza datorren urteko martxoa aldean hastea aurreikusten dute. “Udaran egin behar den proiektua da, eta neguan, eta denboraleen garaian, aurkeztutako proposamenak aztertuko dira”. Lanek sei hilabeteko iraupena izango dute, eta nahiz eta udara bete-betean harrapatu, aisialdiarekin bateragarriak izango dira. “Obrak hainbat fase izango ditu, eta hondartzaren erabilpena bermatuta izango da”, azpimarratu du ordezkariak.

Alkateak pozik

Delegatuarekin batera, bertan izan dira Oier Korta eta Nikanor Lertxundi, Zumaiako eta Getariako alkateak, hurrenez hurren. Pozik agertu dira obraren exekuzioarekin, eta guztien elkarlana nabarmendu dute. “Guretzako egun garrantzitsua da gaurkoa. Zumaiarrentzat oso obra garrantzitsua izango da eta gustura gaude. Hondartzaren berreskurapena inportantea da; bai ingurumen aldetik, eta baita erabilpen aldetik ere. Hobekuntzak guztiontzako izango dira”, aipatu du Kortak. Lertxundik bere aldetik, segurtasunaren inguruan jarri du arreta. “Hondartzaz gain, bertan daukagu Done Jakue bidea, eta askotan, erromesak eta hondartzara etortzen direnak elkartu egiten dira. Hauei guztiei segurtasuna eta erraztasuna ahalbidetzea ere garrantzitsua da”.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide