Domingueztarren haur lapurtuaren auzia ixtea erabaki du epaileak

Baleike 2017ko azaroaren 25a

Ana Carlota Dominguez.

Ana Carlota Dominguezen senidearekin zer gertatu zen argitzeko martxan zegoen epaiketa bertan behera uztea erabaki epaileak, akusatu garbirik ez duelako ikusten. Erabakiak ustekabean harrapatu du Dominguez, eta atsekabeturik dagoela onartu du. Dena den, epaiketak iraun duen bitartean, informazio asko biltzeko aukera izan du eta bere senidea bilatzen jarraituko duela dio. "Epaiketan inork ezin izan du demostratu gure senidea hilda dagoenik".

1963ko martxoaren 3an erditu zen ama Juana Donostiako Arantzazuko Ama ospitalean. Haurra hilda jaio zela esan zieten eta ez zuten ikusteko aukerarik izan. Haurra lapurtu zieten susmoarekin bizi izan dira Ana Carlota Dominguezen guraso Juana eta Jose, isilpean eraman dute zama hori. Duela sei urte Ana Carlota ikertzen hasi zen arte. "Nire kabuz lortu behar izan dut informazioa, inork ez digu lagundu, baina aurrerapauso handiak egin ditugu". Epaiketa irekitzea ere lortu zuen, tentigantzak lortu ere bai, baina epaileak ez du aurrera segitzeko biderik ikusten. "Ez dauka akusatu garbirik, eta horregatik erabaki du epaiketa bertan behera uztea", dio Dominguezek.

Kolpea izan da beretzat, ez zuen halakorik espero, baina ikerketarekin aurrera segitzeko indarrak ez zaizkio agortu. "Gero eta garbiago daukagu gure senidea bizirik egon daitekeela, eta bere bila jarraituko dugu. Epaiketari esker dokumentazio asko eskuratu ahal izan dugu, eta badago nondik jarraitu ikertzen. Etsigarriena da ikerketa hauek senideok egin behar izatea. Fiskalek hartu beharko lukete honen ardura, baina orain arte bakarrik egon gara eta badirudi hala jarraitu beharko dugula".

Astelehenean Eusko Legebiltzarreko giza eskubideen batzordean egon ziren haur lapurtuen hainbat senide, tartean Dominguez, beraien kasuen berri eman eta laguntza eskatzeko.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide