Minbizia duten gaixoei laguntzeko Zumba saioa egingo da igandean

Baleike 2017ko azaroaren 28a

Argazkia: Sara Utrera

Zumba arrakasta handia hartzen ari dela zalantzarik ez dago. Dantza eta kirola uztartzen dituen jarduera honetan jende kopuru handia mugitzen du. Igande honetan Gipuzkoa osotik etorritako parte-hartzaileak izango dira Lubaki kiroldegian egingo den masterclassean. Are gehiago kirol jarduerak gaixotasun baten aurkako borrokarekin bat egiten duenean. Izan ere, igandeko ekintza minbizia duten gaixoei eta familiartekoei laguntza ematen dien Gipuzkoako AECC elkartearen aldekoa izango da. 

Bigarren urtez jarraian antolatu dute Jhonson eta Josunek erakunde honen aldeko Zumba saio hau. “Beraien ideia izan zen”, dio Gipuzkoako AECC elkarteko kide batek. “Iaz abian jarri zen eta aurten errepikatu egingo da”, gaineratu du. “Edozeini laguntzeko prest gaude gu. Azken finean herri honetan bizi gara eta herriko parte gara”, azpimarratu du Jhonsonek.

Goizeko 11:00etatik 13:00etara bitartean egingo da masterclassa eta estatuko leku desberdinetatik etorritako irakasleak izango dira. “Guztira 16 irakasle izango dira, batzuk Zumban arituko dira, baina baita Shaka Dance-en beste batzuk”, adierazi du Josune de Miguelek. Hip hop, funky, afro eta dancehall uztartzen dituen jarduera da hau, Josuneren esanetan.

Igandeko jardueran parte hartzeko 634 438 887 edo 943 133 236 (Gipuzkoako AECC) telefonoetara deitu daiteke, edo  irakasleekin harremanetan jarri. Aurrez apuntatuta helduek 12 euro ordainduko dituzte eta haurrek 5 euro. Egunean bertan prezioa 15 euro izango da helduentzat eta umeenak ez du igoerarik izango. Gehienez, 300 lagunentzako lekua  izango da.

Ikusle bezala ere bai

Goizean zehar Lubakiko harmailak zabalik egongo dira “jarduera hau ikustera etorri nahi dutenentzat. Beraiek hala nahi izanez gero, laguntzaren bat emateko aukera ere izango dute”,  dio AECCko lagunak.

Ekintza hauen bitartez biltzen den diruari esker elkartek bultzatzen dituen proiektuak doan izaten jarraitzen dute. “Hau bezalako jarduerengatik ez balitz, ezingo genuke familia guztiengana heldu. Diru laguntza hauei esker ikerkuntza ere sustatzen dugu eta denok dakigu zer garestia den ikerkuntza honelako kasuetan”.

Erlazionatuak

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide